Zarautz Kirol Elkarteko Xake taldeek Gipuzkoako Xake Ligako bigarren jardunaldiko neurketak izan dituzte asteburuan eta gustura geratu dira emaitzekin. Preferente mailako taldeak berdindu egin du etxean Arrasateko taldearen aurka eta Lehenengo mailako taldeak meritu handiko garaipena lortu Idiazabalen.
Preferente mailako taldeko kideek jokatutako partidei erreparatuta, lehenik eta behin, bi irabazi eta bi galdu zituzten. Jon Lertxurdik lortu zuen garaipen horietako bat eta azken orduan egin zuen, gainera. Zarauzko jokalariak meritu handiz kudeatu zuen bere denbora, ia partida osoan desabantaila txiki batekin ibili baitzen. Azkenerako, ordea, bi jokalariak minutu erdiko denborarekin gelditu ziren eta Lertxurdik maisutasunez irabazi zuen partida, esan bezala. Daniela Veltek ere puntu baliotsua eman zion taldeari, izan ere, nagusitasunez irabazi zuen haren norgehiagoka. Hasieratik jokatu zuen erasokor, eta, ausardi horrek eraman zuen partida irabaztera. Bestealde, Jorge Feijook eta Andoni Etxabek ezin izan zituzten aurkariak mendean hartu. Biek ala biek pieza beltzekin jokatu zuten, baina aurkariena izan zen jokoaren ekimena. Feijook, dena den, partida borrokatu zuen, nahiz eta, azkenean, amore eman behar izan zuen. Etxaberi, aldiz, sufritzea tokatu zitzaion hasieratik. Ongi eutsi zion partidari, baina azken unean amore eman behar izan zuen hark ere.
Lehenengo mailako taldea, bestalde, 1-3 gailendu zen. Iker Jauregik meritu handiko garaipena lortu zuen peoi bateko abantaila lortu ondoren, horri etekin handia aterata. Xabier Arrillaga Piratak, aldiz, hasiera konplikatuagoa izan zuen, baina pixkanaka ekimena hartzea lortu zuen eta amaiera eder baten ondoren, garaipena lortu zuen. Jon Altzibarrek ere ederki jokatu zuen. Erasokor aritu zen, ohi bezala, eta puntu garrantzitsua eman zion taldeari. Partidarik estuena Iñaki Altzibarrek jokatu zuena izan zen. Ezin izan du irabazi, baina garesti saldu zuen porrota; izan ere, aurkariak gogotik sufritu zuen garaipena lortzeko.
Asteburuan lortutako emaitzekin, sailkapenaren erdialdean daude kokatuta Zarauzko bi taldeak. Lehen mailako taldeak Legazpiren aurka jokatuko du etxean hurrengo jardunaldian, eta, etxetik kanpo arituko da Preferente mailakoa. Azkoitian, zehatzago esateko.