Udalak ia 50 mila pertsona artatu zituen iaz Herritarren Arreta Zerbitzuan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urtarrilaren 22a

Leire Arana HAZ Herritarren Arreta Zerbitzuko zinegotzi arduraduna, Kale Nagusiko bulegoan. (Zarauzko Udala)

Datuak eskuetan, "zerbitzua ahalik eta eraginkorrena izan dadin", berau hobetzen jarraitzeko helburua dutela adierazi du Leire Arana zinegotziak.

Zarauzko Udalak HAZ Herritarren Arreta Zerbitzuan 2023an artatutako pertsona kopuruaren datuak, jakinarazi ditu, eta, 47.627 izan dira, orotara. Zehaztu dutenez, horietatik guztietatik 22.951ri aurrez aurre eman diete arreta Kale Nagusiko HAZ bulegoan eta gainerako 24.676ri telefonoz. Horrez gain, udalak gogoratu du kale nagusiko bulegoaren sarreran eskuragarri dagoela tramiteak egiteko makina, eta, bertan ere burutu dituztela zenbait tramite herritarrek modu autonomoan. 4.454 tramite, zehazki, eta, erroldarekin loturikoak gehienak.

Gauzako horrela, Leire Arana Herritarren Arreta Zerbitzuko zinegotzi arduradunak honen garrantzia azpimarratu du: "Datuek garbi uzten dute herritarrek Udalari kontsulta bat egin nahi diotenean HAZera jotzen dutela, telefonoz edo presentzialki. Horregatik, zerbitzua hobetzen jarraitzea da gure helburua, ahalik eta eraginkorrena izan dadin herritarrei behar duten kontsulta eta tramiteetan laguntzeko". Bada, hobekuntza hori nola egin asmo duten ere zehaztu du Aranak: "Alde batetik, udaleko langileen etengabeko formazioarekin, eta, bestetik, Telefono Arreta zerbitzuaren laguntzarekin".

HAZ hobetzeko eta herritarrei ahalik eta arreta egokiena eskaintzeko helburu horri lotuta, hain justu, udalak gogoratu du Arreta Telefonikoko zerbitzua jarri zutela martxan duela 2 urte, Gureak Marketing enpresaren bidez. Zerbitzu horrek dei gehien jasotzen dituzten hiru departamenduetako telefono sarrerak kudeatzen ditu: HAZ (943-00 51 00), Udaltzaingoa (943-00 51 15) 07:30etik 15:00etara, eta, Gizarte Zerbitzuak (943-00 51 11) 13:30etik 15:00etara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide