Herrian mugikortasun jasangarriagoa lortzeko bidean, Zarauzko Udalak %100 elektrikoak diren hiru autobus berri izango ditu aurten hiribus zerbitzua hornitzeko. Adunako (Gipuzkoa) Irizar e-mobility enpresari adjudikatu diote ibilgailu berriak erosteko kontratua lehiaketa publiko bidez, 2.090.880 euroan (BEZa barne).
Aukeratutako modeloa Irizar ie bus da, 12 metroko luzerako; zero emisio helarazten du eta bere zarata maila minimoa da. Bere 206 kW-eko propultsioa erabat elektrikoa du, eta horrek 350 kilometroko autonomia ahalbidetzen dio herrigunean. Ibilgailu horiek 30 besaulki, gurpildun aulkirako gune bat eta mugikortasun urriko pertsonentzako 4 eserleku ditu, eta 75 bidaiari eramateko edukiera. Irisgarritasuna errazteko, hiru ate ditu, barruan zirkulazio egokia ahalbidetzen dutenak.
Autobusak oraingoak baino zertxobait luzeagoak izango direnez, egungo ibilbideak zertxobait eraldatuko dituzte, ibilgailu berriak behar bezala igarotzeko prestatuko dute zerbitzua. "Hala ere, ibilgailu horiekin erabiltzailearentzako edukiera eta erosotasuna handituko dira·, azaldu du Zarauzko Udalak. Autobus berriekin batera, Irizar e-mobilityk bi kargagailu bikoitzez hornituko du hiribus zerbitzuaren kotxe-tokia.
Zarauzko Udalak positibotzat baloratu lizitazio honetan autobusen eskuragarritasun azkarra; izan ere, eskaria oso handia da, eta entregatzeko epeak urte eta erdi ingurukoak izaten dira. Udalaren aurreikuspenen arabera, ibilgailu berriekin lehen probak egiten uda honetan bertan hasiko dira herriko kaleetan.
"Mugikortasun iraunkorrago bat"
Udaleko Mugikortasuneko zinegotzi Iker Basurko Irizar e-mobility enpresa izan da, autobus elektriko berrien fabrikazioa bertatik bertara jarraitzeko. Ibilgailu horiek hiribus zerbitzuaren "deskarbonizazioa ekarriko" dute, eta hirian "mugikortasun berdeagoa eta iraunkorragoa" lortzeko urratsa egin. "Iritsi da denok mugikortasun iraunkorrago baterantz bideratzeko unea, baita gure hiri-autobusen zerbitzua ere. Hiru autobus elektriko berri horiek aurrerapauso handia izango dira gure garraio publikoaren kalitatean", nabarmendu du Basurkok Ibilgailuen hornikuntzarekin batera, erabiltzailearekiko komunikazioa hobetzeko ekimen garrantzitsuak ere jasotzen direla azaldu du Udalak, itxaronaldian zein ibilgailuan bertan informazioa emanez.
Bestalde, Irizar e-mobilityko Zuzendari Nagusi Iñigo Etxeberria adierazi du ilusio berezia egiten diola Zarauzko Udalarekin lankidetzan aritzea, eta "gure produktua erabiltzeko ematen digun aukeragatik". Era berean, harro daudela azaldu du "zarauztarren bizi-kalitatea" hobetzen laguntzeagatik, "udalerriko mugikortasun iraunkorra eta osasungarria sustatuz”.