Zabalik dago Mahasti Krosean izena emateko epea

Zarauzko Hitza 2024ko urtarrilaren 20a

Lasterkariak Mahasti Kroseko azken edizioan. (Jabi Gonzalez Toston)

Martxoaren 10ean jokatuko da Talai Berri txakolindegiko mahastietan eta Talaimendiko parajeetan. Parte hartze muga ehun lagunekoa da, eta izena Herrikrosaren atari digitalean eman daiteke.

Talai Berri txakolindegiak antolatuta, bosgarrenez jokatuko dute Mahasti Krosa martxoaren 10ean, eta dagoeneko izena eman daiteke bertan parte hartzeko; ostegunean zabaldu zuten epean. Ohi bezala, herrikrosa.eus webgunean egin daiteke inskripzioa, 12 euro ordainduta, eta  dortsalik geratuz gero, egunean bertan ere eskuratu ahal izango da lasterketaren abiapuntuan, ordu erdi lehenago, 15 euroan. Dena dela, gogora ekarri behar da proba honek parte hartze muga duela, eta gehienez ere ehun lagun onartzen dituela.

Txakolindegi aurrean hasi eta bukatuko da lasterketa, eta korrikalariek 7,2 kilometroko distantzia osatuko dute Talaimendi parajeetan eta Talai Berriko mahastietan barrena. Irteera 10:30ean egingo dute, eta parte hartzaileek azken edizioko ibilbide bera osatu beharko dute.

Sari banaketa eguerdian egingo dute, eta kategoria bakoitzeko –emakumezko nahiz gizonezkoen mailako– lehen hiru sailkatuentzat izango dira sariak: garaileentzat txapela, Manu Urbietaren eskultura eta irabazlearen pisua adina Talai Berri txakolin botila; bigarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren kuadro bat eta sei botilako Talai Berri txakolin kaxa; eta hirugarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren kuadro bat eta hiru botilako Talai Berri txakolin kaxa.

Bestalde, lasterketan parte hartzen duten guztiei Antton Olariagak diseinatutako kamiseta eta Talai Berri txakolin botila bana oparituko zaie.

  • Hona hemen ikusgai iazko Mahasti Krosak eman zuena:

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide