Aitor Martinez: "Zentzumenen arteko esperientzia bat transmititu nahi dut"

Aritz Mutiozabal 2024ko urtarrilaren 18a

Aitor Mrtinez musikaria (Aritz Mutiozabal)

Jai/Egun bakarlariak Argiek istilu estreinako diskoa argitaratu du. Aitor Martinez (Zarautz, 1994) da proiektuaren arima, eta haren lehen emaitzak asko du flamenkotik, baita esperimentaziotik ere.

Argiek istilu izenez eman duzu argitara zure lehen diskoa. Zer pentsatua ematen duen izenburu iradokitzailea da, dudarik gabe.

Egia da izenburuaren joskera arraroa dela. Kontzeptualki adierazi nahi dudana jendeak deskubritzea nahiko nuke diskoa entzunez. Dena den, modu bisual batean uztartu nahi ditut zentzumenen arteko pertzepzioak. Istilua asko lotzen da soinuarekin edo zaratarekin, eta argia ikusmenarekin. Nolabait esateko, zentzumenen arteko esperientzia bat transmititu nahi dut.

Beraz, zure musika proposamena zentzumen guztiekin aditu behar da?

Nahiago nuke! Oraingoz, musikarekin bakarrik aditu daiteke, baina kontzeptualki honen guztiaren atzean dagoen ideia hori da, eta nahi dut elementu horiekin jolastu. Xabier Badiola bakarlariak esan zidan nire abestien hitzak oso bisualak direla, eta, egia esan, badut nahasketa hori eskaintzeko gogoa. Gero, ea lortzen dudan bisualki sostengatzea nire musika, baina horretarako baliabideak beharko nituzke lehenik eta behin.

Arlo musikalean, flamenko doinuak gailentzen dira diskoan. Flamenkoa euskaraz, gainera. Rara avis bat al zara euskal musikaren esparruan?

Ez dut uste bakarra naizenik, badaudelako beste saiakera batzuk. Dena dela, egiten dudana aflamenkatua da, eta ez flamenkoa bere horretan. Ez ditut flamenkoaren kode guztiak hartu eta, ondoren, euskaraz abestu. Nire abesteko modua bestelakoa da, nahiz eta gitarra jotzeko modua baden flamenkoa, eta badauden akorde, nota eta egitura oso flamenkoak. Asko edaten dut genero horretatik, baina ez da disko flamenko bat.

Irratian esan zuten lan "konbentzigarria" dela, eta sekulako losintxa izan zen niretzat. Euskal folkaren eta flamenkoaren arteko uztartzea sinesgarria zela azaldu zuen esatariak. Fusioaren inguruan saiakera asko daude, eta gehienek bi kode hartu eta elkar nahasten dituzte besterik gabe, arimarik gabe. Zerbait falta izaten zaie.

Zure kasuan, esperimentaziora ere jo duzu. Hainbat abestitan sintetizagailuekin jolasteko gogoa antzeman zaizu.

Berez, ekoizten ikasi nahiko nuke. Gitarra eta ahotsa dira baliabide bat beste nonbaitera iristeko. Nire helburua ez da izan flamenkoa euskaraz egitea, baizik eta buruan irudikatuta neukan musika hori kanporatzea gitarrarekin eta ahotsarekin. Baina, zalantzarik gabe, nire tresna nagusia elektronikarekin nahastea gustatuko litzaidake. Kode horiek bultzatzea izango litzateke nire ametsa. Beti bilatu izan dut proposamen berriak sortzea, eta dakit lortu dudan ala ez, baina hori da nire erronka.

Organikoa eta digitala batuz?

Hori da helburu nagusia. Disko honetan oso modu nahastuan daude bi kodeak, eta nik nahiko nuke bien arteko benetako uztarketa bat egin. Kontua da oso garestia dela elementu organikoak digitalki egitea. Izan ere, sintetizagailu on batek 500 euro balio ditu; ordenagailu batekin, aldiz, dena duzu eskura. Nire xedea litzateke tradizionalki digitala edo analogikoa kontsideratu direnak, nolabaiteko muga horiek, zentzugabe bihurtzen duten musika egitea.

Diskora itzulita, aflamenkatua dela diozu, baina gitarrari erreparatuz gero, flamenko puruaren zantzuak ditu.

Bai. Flamenko klasikoa eta flamenko modernoa alderatuko bagenitu, modernoa asko ari da joaten harmoniara, esku arin batera. Nik, ordea, badut klasikoaren hainbat ezaugarri, betiere umiltasunetik esanda. Alegia, nire eskuineko eskua gogorra da, eta nahiko astakirtena naiz gitarra jotzen, oso indartsu jotzen dudalako. Gehiago zentratzen naiz perkusioan harmonikoan baino; nahiagoko nuke harmoniarantz gerturatu, guztia esate aldera.

Kasualitatez, Armonikos abestia entzun daiteke zure lanean. Instrumentala den bakarra da, gainera. Zure bertuteak erakusteko pieza bat al da?

Ez nuke esango. Gitarra jotzen ez dakien batentzat gehien nabarmentzen naizen abestia Berriz da. Armonikos kanta, izatez, askoz ere luzeagoa da, baina El Tigre Studioseko Jon Agirrezabalaga ekoizleak zerbait atmosferikoa sor zezakeela esan zidan. Berehala ulertu nion zertaz mintzo zitzaidan, eta aurrera egitea erabaki genuen.

Esperimentazioa eta elektronikoa aipatu dituzu arestian. Adibidez, Akapella eta Diabetes bat bezela abestiak sartzen dira eskema horretan, ezta?

Diabetes bat bezela nire mugikorretik azken momentuan berreskuratu nuen abestia izan zen. Hasiera batean, ez nuen sartu behar diskoan, baina grabazio estudioko ekoizleak esan zidan kantak soberan izatea egokiagoa zela disko bat ontzeko orduan. Mugikorrean aritu nintzen grabazio zaharren bila, eta horrekin topo egin nuen. Hala, azken hilabetean goitik behera egin nuen abestia. Bestalde, Akapella nire buruan bueltaka dabil bost urtez, eta diskoa egitera gindoazenean,  ordenagailuko teklatu aurrean jarri nintzen eta idatzi egin nuen. Akapellarekin hasiera dramatikoa eman nahi izan diot diskoari. Egia esan, bi abesti horiek badira adierazgarriak gitarrarekin sortzen ditudala azaltzeko, baina ez direla zertan musika tresna horrekin interpretatu behar.

Hasiera dramatikoa du, baina ukitu sakon eta triste horri disko osoan eusten diozu.

Ez dakit... Ez dut kontrolatzen zer konposatzen dudan. Badaude doinu eta akorde batzuk, zeinak jotzen ditudan momentuan horiekin lan egin nahi dudan. Batzuetan kontzienteki, eta besteetan, inkontzienteki. Azken finean, diskoa horrela atera da. Bilatzen nuen gauza bakarra zen koherentea izatea: disko izaera edukitzea. Momentu edo paisaia emozional bat harrapatzen duen disko bat da, eta horretarako abesti bat baino gehiago behar dira. Bat-batean kanta guztiek beren tokia aurkitu dute, eta beharbada nire bizipenek koherentzia eman diote Argiek istilu diskoari.

Izen artistikoaren anbiguotasun emozionala

Jai/Egun goitizen artistikoari erantzuten dio Aitor Martinez zarauztarrak: "Igande depresiboaren ideia oso garrantzitsua izan da nire bizitzan. Izan dira igandeak, sistematikoki, sekulako egur emozionalak bizi izan ditudanak. Kuriosoa izan da nola agertzen ziren gauza batzuk igandeetan astean zehar agertzen ez zirenak. Hortik dator Jai/Egun izena, anbiguotasun horrekin jokatuz".

Abendu amaieran eskaini zuen lehen kontzertua Hiruputzun, eta hurrengoa otsailaren 24an izango da, Bartzelonan; martxoaren 23an, berriz, Donostiako Dabadaba aretoan. Gogotsu dago zuzenekoetan abestiak aurkezteko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide