Zarauzko Udalak adierazi duenez, datozen egunetan TAO txartelaren erabiltzaileek zerbitzuaren inguruko informazioa jasoko dute euren etxebizitzetan, eta bertan zehaztuta azalduko dira erabiltzaile bakoitzak txartela berritzeko jarraitu beharreko pausoak.
TAO txartelaren ordainketa helbideratua daukaten erabiltzaileek ordainketaren kargua otsailaren erdialdean pasako zaienaren abisua jasoko dute eta, ondoren, apirilaren erdialdean, TAO zerbitzuko txartel berria bidaliko zaie etxera. 2024rako txartela berritu nahi ez dutenek, otsailaren 10a baino lehen TAO bulegoan adierazi beharko dute asmo hori. Udalak bide hau lehenetsi du TAO txartela jasotzeko, "erosoena" baita.
Txartelaren ordainketa helbideratu gabe daukaten erabiltzaileek, berriz, ordainagiri bat jasoko dute, eta bertan agertuko dira ordainketa egiteko kontu korronteko zenbakia eta jarraitu beharreko pausoak. Ordainketa martxoaren 25a baino lehenago egin beharko dute, eta ondoren, frogagiria TAOren bulegora eraman beharko dute erabiltzaileek. Posta elektronikoz, WhatsApp edota Telegram bidez ere bidali dezakete agiria, eta ondoren bulegoan bertan jasoko dute 2024ko TAO txartel berria.
Gerta daiteke txartela berrituko ez zaiola zehazten duen gutuna jasotzea, erabiltzaileak baldintzaren bat betetzen ez duelako. Kasu horretan, udalak adierazi du TAO bulegora joan beharko duela herritarrak arazoa konpontzera. Edozein modu dela ere, martxoaren 25era arte egongo da irekita TAO txartela berritzeko prozesua.