Naiara Villasantek Espainiako Txapelketara sailkatzea lortu du

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 17a, 09:00

Naiara Villasante, ezkerretik hasita bigarrena, joan den asteburuan jokatutako Espainiako Kopako probako podiumean. (Judo Klub Lizardi)

Judo Klub Lizardiko kirolaria zuzenean sailkatu da asteburuan lortutako garaipenari esker. Espainiako Kopako proba irabazi du junior mailan, Katalunian. Izan da dominarik lortu duen herriko taldeko beste ordezkaririk ere, Lore Austingek, hain zuzen ere. Brontzea zintzilikatu du.

Zarauzko Judo Klub Lizardik ordezkaritza izango du datorren martxoaren 9an jokatuko duten junior mailako Espainiako Txapelketan; izan ere, Naiara Villasantek zuzenean sailkatzea lortu du. Orain arte jokatutako Espainiako Kopako probetan pilatu dituen puntuei esker bermatu du txartela.

Kirolari zarauztarrak joan den asteburuan jokatu zuen, hain justu, Espainiako Kopako azken proba Katalunian eta garaipena lortu zuen 70 kilo azpiko kategorian. Nolanahi ere, ez zen izan bertan parte hartu zuen herriko taldeko ordezkari bakarra, zeren, Xabier Aginagak, Nahia Arregik, Lore Austingek, Eva Manzanasek eta Unax Mendezek ere lehiatu zuten.

Villasante bezalaxe podiumera igo zen Judo Klub Lizardiko beste ordezkaririk ere izan zen, gainera; izan ere, Austingek brontzea lortu zuen 78 kilo azpiko kategorian. Hari lotuta esan beharra dago, halaber, Espainiako Txapelketara sailkatzeko aukerak badituela oraindik. Horretarako, ordea, puntuak pilatzen jarraitu beharko dut Madrilen jokatuko duten Espainiako Kopako hurrengo proban.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide