Zarauzko Udaleko Gazteria departamentuak herriko gurasoei zuzenduriko hainbat jarduera antolatu ditu Zertan dabiltza gure seme-alabak? egitasmoaren barruan, eta, gaur arratsaldean egingo dute horietako lehenengoa. Harreman osasuntsuak lagun artean hitzaldia da gaurko antolatu duten hori, zehazki, eta 18:00etan hasiko da Gaztelekuan. Hain justu, pertsonen arteko harremanak bideratzen aditua den Nerea Mendizabalek eskainiko du.
Datozen asteei begira, bestalde, ate irekiak egingo dituzte Gaztelekuan eta Ludotekan gurasoek azpiegiturak bertatik bertara ezagutu ditzaten. Gazteleku ate irekiak gaur zortzi, urtarrilaren 23an, asteartea, egingo dituzte 18:00etatik 20:00etara, eta, Ludotekakoak urtarrilaren 30ean, asteartea, era berean, 17:00etatik 19:00etara. Bi jardunaldiak musikarekin, janariarekin eta edariekin lagunduko dituzte; izan ere, Lunch musikatuak izango dira.
Horrez gain, bigarren hitzaldi bat antolatu du Gazteria sailak otsailaren 6rako, asteartea. Haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak deitu dute eta Donna Apellaniz terapeutak emango du. Ludotekan izango da 18:00etan hasita.
Jarduera horietan guztietan parte hartzeko aldez aurretik eman beharko da izena. Lotura honetan aurkituko duten galdetegia beteta egin dezakete interesdunek.