Yo Capitan, Matteo Garrone zinegile italiarraren azken filma, eskainiko dute gaur arratsaldeko saio originalean Modelo aretoan. Ohi bezala, 19:30ean hasiko da emankizuna eta jatorrizko hizkuntzan izango da ikusgai gaztelaniazko azpidatziekin.
Besteak beste, Napoliko (Italia) mafiari buruzko Gomorra film arrakastatsua edota 2019an estreinatu zuten hezur-haragizko Pinocho zuzendu ditu Garronek. Azken lanean, berriz, migrazioaren krisiari heldu nahi izan dio zinegile italiarrak. Horretarako, Europara iritsi nahi duten Dakarreko (Senegal) Seydou eta Moussa gazteen istorioa kontatu du. Odisea izango da bi lagunek helburua betetzeko egin beharko duten bidaia; izan ere, aurre egin beharko diete Saharako basamortuko, Mediterraneo itsasoko eta Libiako atxilotze-zentroetako arriskuei.