Udala adi egongo da pinportak iritsiko balira erantzun eraginkorrena emateko

Aritz Mutiozabal 2024ko urtarrilaren 12a

Gipuzkoako Hondartzen Mahaia gaur goizean. (@asensioji)

Udaleko Zerbitzuetako zinegotzi Iban San Martin eta Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquez Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak deitutako bileran izan dira gaur. Gipuzkoako hondartzetara pelletak iristeko mehatxuaren aurrean, jarduera koordinatuko protokoloaren zirriborroa jakinarazi diete Gipuzkoako Hondartzen Mahaiko ordezkariei.

Gipuzkoako hondartzak zaintzeko konpromisoa azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, eta ziurtatu du prest daudela azkar eta eraginkortasunez jarduteko pelletak edo plastiko pinportak kostaldera iristen badira. Jakinarazi dute oraingoz ez dela beharrezkoa hondartzetan bilketa jarduerarik egitea, eta, beharrezkoa izanez gero, deialdia egingo dutela modu koordinatu eta ordenatuan.

Zarauzko Udaleko Zerbitzuetako zinegotzi Iban San Martinek adierazi duenez, “udala adi egongo da pellet hauek gure hondartza iritsiko balira, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean ahalik eta erantzun eraginkorrena emateko”. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak, bere aldetik, azaldu du itsas korronteek Portugalgo uretan izandako pellet isuria Kantauriko kostaldera dakartzatela. "Plastiko eta mikroplastikoek eragindako kutsadura areagotu egiten da eta, zoritxarrez, gure itsaso eta hondartzetan urteak daramatzate eta faunari, florari eta gizakiei eragiten diete", gaineratu du.

Vazquezek gogora ekarri nahi izan du pellet horiek "gure eguneroko erabilerarako beste produktu batzuk ekoizteko materiala" direla. "Egia esan, mikroplastikoak aspalditik zeuden itsaso eta hondartzetan, baina egunero itsasoan amaitzen diren plastikoen degradazioaren ondorio gisa, ez garraio ontzi batean izandako istripu baten ondorioz, baizik eta gure gizartean plastikoen erabilera desegoki eta gehiegizkoagatik. Itsasoan mikroplastikoek eragindako kutsadura murrizteko garrantzitsuena gure bizitzetan plastikoen erabilera murriztea da. Indarrean dauden legeak aplikatzea eta erabilera bakarreko plastikoak behin betiko debekatzea ere eskatzen da".

2018tik Zarauzko Udalak erabilera bakarreko plastikoen aurkako sentsibilizazio-kanpainak jarri ditu abian. Itsasoa hemen hasten da eta Plastibistak bezalakoak, baita hondartzan herritarrekin nahiz eskolekin egindako plastiko bilketak ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide