Inkestan galdera berria: Zer iritzi duzu Gabonetan piroteknia erabiltzearen inguruan?

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urtarrilaren 13a

Zarauzko Hitzak jakin nahi du erabiltzaileek zer pentsatzen duten Gabonetako ospakizunetan petardoak edota suziriak botatzeko ohiturari buruz. Horretarako, inkesta jarri zuen martxan joan den astean, eta, oraindik badago botoa emateko aukera. Lotura honetan egin daiteke. Aurreko galdeketa ere Gabonekin lotutakoa izan zen, nola ospatu nahiko lituzketen galdetu baitzien hedabideak irakurleei.

Gabonetako oporraldia amaituta, atzean geratu dira egun horietan ohikoak izaten diren ospakizunak. Bada, Zarauzko Hitzak Gabonak nola ospatu nahiko lituzketen galdetu zien, hain justu, hedabideko erabiltzaileei joan den abenduan, eta, gehienek, familia giroan egin nahi zutela erantzun zuten. Zehatzago esanda, inkestan parte hartu zuten 62 lagunetatik 34k hautatu zuten aukera hori; %54,84, hain zuzen ere.

Galdeketan hedabideak eman zituen gainerako aukerek jaso zituzten botoei erreparatuta, bestalde, 11 lagunek (%17,74) adierazi zuten ez dituztela Gabonak gustuko, eta, ondorioz, ez zituztela ospatuko, eta, beste bederatzi erabiltzailek (%14,5) oporraldia bidaia bat egiteko baliatzea gustatuko litzaiekeela. Beste bi aukera ere eskaini zituen Zarauzko Hitzak: Gabonak lagunekin ospatzea edo norbere etxean. Bi horiek, ordea, boto gutxien jaso zituztenak izan ziren. Launa baino ez.

Zarauzko Hitzak 2023ko abenduan egin zuen inkestaren emaitza erakusten duen grafikoa. (Zarauzko Hitza)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide