Ekitaldiz beteriko seihilekoa aurkeztu du beste urte batez Zarauzko Udaleko Kultura departamentuak, publiko orori zuzendutako kultur eskaintza zabalarekin. "Eskaintza honen barruan askotariko kultur diziplinak aurki ditzakegu, hala nola, antzerkia, musika, dantza, erakusketak eta literatura", nabarmendu du Irune Urbieta Kultura zinegotziak.
Gari & Maldanbera taldearen atzoko kontzertuarekin emango zioten hasiera denboraldiari. Ildo horretan, beste hiru musika emanaldi antolatu dituzte datozen hilabeteetarako Modelo aretoan: otsailaren 2an, Parekidetasun departamentuak antolatuta, Maitatzeari. Ikuskizun poetiko musikala, Popatik taldearen eskutik; martxoaren 15ean, Amorante bakarlariak Harri Herri Har diskoa aurkeztuko du zuzenean; eta apirilaren 12an, Txori kantazale, Xabier Leteren ildoan emanaldiaz gozatzeko parada izango da, Joana Otxoa de Alaiza, Alex Gurrutxaga eta Joxean Goikoetxearen eskutik.
Dantza ikuskizunak ere ez dira faltako kultur programazioan. Lasala dantza konpainiak Lasala 10 urte ikuskizuna taularatuko du martxoaren 22an, taldearen hamar urteko ibilbide oinarri hartuta. Apirilaren 26an, berriz, Led Silhouette konpainiak Los Perros pasiozko dantza piezak eskainiko ditu.
Antzerkiari dagokionez, aukera zabala izango dute herritarrek: hemen di bi astera, urtarrilaren 26an, Mierda de Ciudad euskal rock erradikalaren mugimendu kontrakulturala eta horri lotutako testuinguru historikoa oinarri duen antzezlana izango da Modelon. Otsailak 23an, Iker Galarzak eta Zuhaitz Gurrutxagak Almazenean obra antzeztuko dute. AFAGI elkarteak antolatuta, martxoaren 1ean, Kulunka Taldearen André eta Dorine antzezlana izango da ikusgai. Maiatzak 3an Xake produkzioak konpainiak Postdatarik gabeko gutunak eramango du oholtza gainera, Kepa Errasti eta Nerea Ariznabarretaren eskutik. Azkenik, ekainaren 7an, Mira hadi, Eulalia Abaitua andre-begietan lanean Eulalia Abaituaren bizitzaren pasarte esanguratsuak eta, batez ere, bere argazkirik ikusgarrienak izango dira taularatuko dituzte.
Haurrentzako ere bost ikuskizun prestatu dituzte, eta, ohi bezala, igandetan izango dira emanaldiak, 16:45ean hasita. Urtarrilaren 28an, Engruna Teatre konpainiaren Harri salda; otsailaren 25ean, Marie de Jongh konpainiaren Bo jauna; martxoaren 17an, Logela Multimediaren Anbotoko Mari; apirilaren 28an, Cia. Roi Borrallasen Solo; eta, amaitzeko, ekainaren 6an, Tomaxen Abenturak pailazoen Azken Festa.
Aipatu ekitaldi guztietarako sarrerak atzotik jarri zituzten salgai Modelo aretoko txarteldegian eta Kutxabanken atari digitalean.
Anitz erakusketa
Udaleko erakusketa aretoek hainbat proposamen artistiko jasoko dituzte urteko seihilekoan. Lehenik eta behin, 2023ko hondarretik ikusgai dauden XXI. Ramón Ignacio Serras Nazioarteko Argazki Mostra eta Zarauzko Argazkizale Elkarteko presidente Jon Atxutegiren erakusketa bisitatzeko epea aurki amaituko da, eta jarraian, berriak jarriko dituzte. Nolanahi ere, azpimarratu behar da argazkilaritzak izango duen presentzia datozen hilabeteetan. Kultura departamentuak jakinarazi du erakusketa aretoak egunero egongo direla zabalik 18:00etatik 20:00etara.
Sanz Enea kultur etxeko beheko solairuan, urtarrilaren 21era arte egongo da XXI. Ramón Ignacio Serras Nazioarteko Argazki Mostra, eta hurrengo erakusketa Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia izango da, otsailaren 1etik martxoaren 10era. Arte Ederretako ikasleen erakusketa klasiko bat izan ohi da Sanz Enean, eta aurten maiatzaren 30etik ekainaren 30era izango da.
Aste Santuen bueltan, Argazki Bira antolatzen du Photomuseumek, herriko udal aretoekin elkarlanean. Beraz, egitasmoko erakusketak ikusgai izango dira Sanz Enean eta Torre Luzean, nartxoaren 26tik maiatzera arte.
Torre Luzean paratuta dauden Jon Atxutegiren argazkiak datorren asteazkenera arte iraungo dute. Argazki Bileraz gain, bertan antolatuko dituzten erakusketak honako hauek izango dira: Artezaleak elkartearen Zarauzko txokoak, otsailaren 15etik martxoak 17ra, eta Zarauzko Argazkizale Elkartearen taldeko erakusketa, maiatzaren 23tik ekainak 23ra.
Merkatu plazako lehen solairua ere erakusketa bat zabalduko dute martxoaren erdialdean. Sabino Arana fundazioaren eskutik, Emakumeak aberria eginez jarriko dute erakusgai, martxoaren 18tik apirilaren 8ra.
Bestalde, udal liburutegiko ohiko irakurle taldeak aurrera jarraituko dute solasaldietan; euskaraz Nerea Loiolaren gidaritzapean, eta gaztelaniaz, berriz, Slawka Grabowskaren gidaritzapean. Era berean, 10-12 urte arteko gaztetxoentzat Nerea Loiolak Tximili Kuarteka irakurle taldea zuzentzen du, eta 3-6 urteko haurrentzat Gurasoak ere ipuin kontalari saioak gidatuko ditu Miriam Mendozak.