Hiruputzu gaztetxeak lehen aldiz hartuko du bakarrizketa jaialdi bat gaur gauean ateak zabaldu zituenetik. Hain justu, bihar beteko da urtebete eraikin berria inauguratu zutenetik, eta, lehen urteurren hori modu umoretsuan ospatzeko aukera eskainiko du gaurko ekitaldiak. 21:30ean hasiko da eta Julen Portillo, Antton Telleria, Ana Goitia eta Iker Plazaola izango dira oholtza gainera igoko diren umoregileak. Arraio irratiko Galdedebalde saioko kideek antolatu dute ekitaldia.
Bada antolatzaileek, azaldu dutenez, ikusmin handia sortu du saioak; izan ere, hogei bat sarrera baino ez dira geratzen. Zentzu horretan, argitu dute emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko dituztela gaztetxeko ateak eta orduan jarriko dituztela salgai azken txartel horiek 5 euroan. Nolanahi ere, sare sozialen bidez egin daiteke erreserba aldez aurretik.
Saioari lotuta zehaztu dute, era berean, lau umoregileak askotan aritu direla elkarrekin. Urte bat eta hiru hilabete daramate emanaldiak batera eskaintzen eta Euskal Herriko hainbat txoko bisitatu dituzte. 2022ko abenduan, esterako, Zarauzko Arrano tabernan izan ziren Algarapola ekimena estreinatzeko.