Astiko zelaiak hiru errugbi partida berezi hartuko ditu asteburuan. Batetik, ZRT Zarautz Rugby Taldeak amaiera emango dio bihar ligako lehenengo faseari Bizkaiko Uribealea taldearen aurka, eta, bestetik, Euskal Selekzioaren harrobiko taldeek Valentziako Erkidegokoekin neurtuko dituzte indarrak etzi.
Biharko partidari dagokionez, erabakigarria izango da etxeko taldearentzat; izan ere, oraindik ez du bermatuta bigarren fasean elite multzoan aritzea. Ohorezko B mailako lehen fasea amaituta multzo bakoitzeko hiru talde onenek lortuko dute elite multzo horretara sailkatzea eta ZRT hirugarrena da une honetan. Gainera, bi puntuko aldea ateratzen dio soilik bigarrenari. Ondorioz, ezinbestekoak izango ditu biharko 16:00etatik aurrera jokoan izango dituzten puntuak hurrengo fasean onenekin aritzeko.
Elite multzoa bederatzi taldek osatuko dute, guztira, eta mailaz igotzeko aukera emango du denboraldiaren amaieran. Zarauzko taldeak joan den denboraldian lortu zuen bertan lehiatzea, baita bigarren sailkatzea ere. Lehenengo lau taldeek jokatzen duten igoera play-offean, ordea, ez zuen lortu mailaz igotzeko finalera sailkatzea.
Igandean, berriz, Euskal Selekzioaren harrobiko taldeek jokatuko dute, esan bezala. 16 eta 18 urtez azpikoak izango dira zehazki eta Zarauzko hainbat jokalari izango dira tartean: Lau 16 urtez azpikoen taldearekin arituko dira eta bi 18 urtez azpikoen talderekin. Biek ala biek Valentziako Erkidegoko adin tarte bereko selekzioen aurka arituko dira. 10:30ean hasita 16 urtez azpikoak eta 12:30ean hasita 18 urtez azpikoak.