Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeen mina erreparatzen laguntzeko sostengu taldea osatu du biktimek beraiek egindako eskaera bati erantzuteko. Indarkeria Matxista Elkargunea deitu dute, eta joan den maiatzean jarri zuten martxan Emakumeen Etxean. Momentuz, herriko lau emakume ari dira jarraikortasunarekin parte hartzen, eta gehiago izan daitezen, deialdia zabaltzea eta egitasmoaren nondik norakoak azaltzea erabaki dute orain.
Hori horrela, Nuria Jimenez zerbitzuaren erabiltzaileak nabarmendu du halako espazioak "babesgunea" direla gizonen indarkeria pairatu duten emakumeentzat: "Seguru sentitzen garen konfiantzazko eremua eraiki dugu. Hori oso garrantzitsua da guretzat, ez delako erraza gure bizipenak azaleratzea. Zama soziala handia da, eta lotsa sentitzen dugu jasan behar izan dugunarengatik".
Horren harira, Maider Andonegi psikologo debarrak argitu du partaideetako bakoitzak "nahi eta ahal duenean" hitz egiten duela bere bizipenak eta kezkak gainontzekoekin partekatzeko: "Inor ez dago derrigortuta". Bi astean behin egiten dituzten saioak bideratzen ditu Andonegik, eta etorkizunean haren laguntzarik gabe elkarguneko kideek beraiek saioak aurrera eramatea da helburua. "Erabiltzaileak dira sostengu taldearen ardatza. Azken finean, elkarri laguntzeko eta babes afektiboa zein soziala emateko sortu duten komunitatea da elkargunea. Nire lana hasieran bidelagun izatea eta erraztasunak ematea da", dio psikologoak.
"Ez da talde terapia"
Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak, bere aldetik, argi utzi nahi izan du Indarkeria Matxista Elkargunea ez dela talde terapia zerbitzua. Azpimarratu duenez, biktimen "erreparaziora dago zuzenduta, haien egoera pertsonala bideratzen laguntzeko". Vazquezek gogoratu du, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak jada eskaintzen diela terapia zerbitzua indarkeria matxistaren biktimei beharra izanez gero, eta Emakumeen Etxean bertan ere badagoela aholkularitza psikologikorako zerbitzua.
Ildo beretik, Andonegik azaldu talde terapien aldean malguagoak direla Indarkeria Matxista Elkargunea bezalako sostengu taldeak: "Talde terapiek saio kopuru zehatzak izaten dituzte. Izena ematen dutenek gutxi gorabehera badakite noiz hasi eta noiz amaituko duten. Sostengu taldeetan ez da hori gertatzen, atea beti dago zabalik. Hala, batu nahi dutenek edozein momentutan egin dezakete. Era berean, maiztasun handiarekin parte hartzen ari direnek uneren batean etortzeari uzten badiote, eta, gerora berriro azaltzea erabakitzen badute, ez da ezer gertatuko; ez dira taldetik kanpora geratuko. Horregatik, ez dio axola sostengu taldea zenbat kidez osatuta dagoen, garrantzitsuena taldea bera existitzea da. Zentzu horretan, Zarauzkoa oso talde indartsua da, zeren, lau kidek soilik osatzen duten arren, haien eskari batetik abiatuta sortu da".
Taldea terapeutikoa ez bada ere, funtzionamendurako arau zehatz batzuk badituztela jakinarazi du Andonegik: "Garrantzitsuena konfidentzialtasunari eustea da. Elkargunean hitz egindako ezer ez da bertatik kanpora aterako. Era berean, testigantza guztiak hartuko ditugu aintzat eta ez da inor epaituko, ezta alderaketarik egingo ere".