Urtea hasi zenetik martxan dago Kirol Txartela Mugiment txartel birtuala Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Horrela, kiroldegiko bazkideek ekimeneko gainontzeko kirol azpiegiturak doan erabiltzeko aukera izango dute.
Beste kirol azpiegiturez gozatzeko Aritzbatalde kiroldegiko bazkide izan beharko dute herritarrek, eta Kirol Txartela Mugiment aplikazioa ere mugikorrean deskargatu beharko dute. Bertan, alta eman eta eta eskaera egin beharko zaio Zarauzko kiroldegiari, eta behin hori onartuta, ekimenaren barnean dauden gainontzeko kirol azpiegiturek eskaintzen dituzten zerbitzuak erabili ahal izango dituzte kirolzaleek. Udalerri bakoitzak zehazten du beste herrietako jendearentzat eskuragarri jartzen dituzten zerbitzu eta instalakuntzak, eta horiek aplikazioan bertan edo hemen ikus daitezke.
Zarautzen kasuan, beste herrietako kirolzaleek fitness gunea erabiltzeko aukera izango dute, astelehenetik ostiralera 13:00etatik 16:00etara. Udalak azaldu duenez, "ekimen honen parte izanda Zarauzko Udalak kirol jardueraren sustapenean beste urrats bat ematen du".