Ostirala bitartean eman daiteke izena Udaberriko ikastaro eta jardueretan

Aritz Mutiozabal 2024ko urtarrilaren 9a

Bingo jokoan, Udaberrin. (Udaberri)

Pandeia garaian etendako podologia zerbitzua berreskuratuko dute, eta urtarrilaren 15etik aurrera abian izango da herriko bi zentrotan.

Udaberri jubilatuen elkarteak 2024ko ikastaro eta jarduera ezberdinen matrikulazio epea zabaldu du, eta ostiralera arte egongo da horretarako aukera, urtarrilaren 12ra arte; astelehenetan eta asteartetan, 10:00etatik 12:00etara, eta asteazkenetan eta ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara.

Ikastaroei dagokienez, antzerkia, fitnessa, meditazioa, memoria, tai-chia, yoga, dantza, eskulanak eta marrazketa eskainiko dituzte. Era berean, talde jarduera libreak egingo dituzte: bingoa, billar jokoa, laborategia, nordic walking irteerak, mendi ibilaldiak goizez eta irakurketa kluba.


Podologia zerbitzua

Pandemia garaian, bertan behera geratu zen Zarauzko Udalaren bitartez Udaberri elkartean eskaintzen zen podologia zerbitzua. "Ezarri ziren osasun-baldintzak oso zorrotzak izan ziren, eta zerbitzu hori eskaintzen jarraitu ahal izateko inbertsio handia egin behar zenez, ez zen berriro martxan jarri", aditzera eman dute Udaberriko kideek.

Hainbat bazkideren eskaerak kontuan hartuta, Udaberriko batzarra akordio batera iritsi da Zarauzko bi podologia zentrorekin. Horrela, urtarrilaren 15etik aurrera, bazkide-txartela aurkeztuta, Udaberriko bazkideek tarifa berezia izango dute eskaintzen dituzten zerbitzu batzuetan; aldea podologia zentroek eta Udaberrik ordainduko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide