Haimar Zubeldia Klasikorako izen ematea zabaldu dute

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urtarrilaren 9a

Hainbat txirrindulari Aritzbatalde kiroldegiko helmugara iristen iazko Haimar Zubeldia Klasikoan. (Jabi Gonzalez Toston)

Maiatzaren 26an, igandea, egingo dute martxa zikloturista eta bi aste lehenago itxiko dituzte inskripzioak, baldin eta plazak aurrez betetzen ez badira. 800 parte hartzailetan jarri dute muga.

Zarauzko Zikloturista Elkarteak zabaldu du Haimar Zubeldia Klasikoan parte hartzeko izen ematea. Hain zuzen, atzo eguerditik egin daitezke inskripzioak kirolprobak.com atarian. 45 euro balio ditu federatuta dauden txirrindularientzat, eta, 60 federatuta ez daudenentzat.

Izen emateari lotuta, era berean, antolatzaileek zehaztu dute martxoaren 31 baino lehen egiten dutenek Etxeondoko maillota jasoko dutela opari. Nolanahi ere, aipatu dataren ondoren ere izango da inskripzioak egiteko aukera; izan ere, maiatzaren 12an itxiko dituzte. Proba eguna baino bi aste lehenago, hain zuzen ere. Aurrez plazak betetzen ez badira, betiere. Zentzu horretan, argitu dute 800 txirrindularikoa dela muga.

Antolatzaileek jakinarazi dute, halaber, ohi bezala, Urola bailararik eta Goierritik igaroko dela ibilbidea Zarautzen hasi eta amaituta. Zehazki, 160 kilometro izango ditu eta 2.475 metroko desnibel positiboa metatuko du. Bi anoa gune ere izango ditu: bata, Salbatoren 72. kilometroan, eta, bestea, Landetan 116. kilometroan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide