ZKE eskubaloiak ordezkaritza zabala izan du Espainiako Selekzio Autonomikoen Txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urtarrilaren 8a

Espainiako Selekzio Autonomikoen Txapelketan zilarrezko domuna lortu duen jubenil nesken selekzioa. (CESA Catalunya 2024)

Infantil, kadete eta jubenil mailetako txapelketak jokatu dituzte Katalunian eta Euskadiko Selekzioarekin aritu dira herriko hainbat jokalari nahiz entrenatzaile.

Harrobiko mailetako Euskadiko Eskubaloi Selekzioak Espainiako Selekzio Autonomikoen Txapelketa jokatu du azken egunotan Katalunian eta Zarauzko eskubaloiak ordezkaritza zabala izan du. Zehatzago esateko, 21 jokalarik eta herriko klubeko bi talde nagusietako bi entrenatzaileek hartu dute parte; Mikel Alzaga Amenabarreko entrenatzaileak eta Iñigo Moreno Aialakoak, hain zuzen ere.

Hala, Euskadiko selekzio guztiek izan dute Zarauzko ordezkariren bat taldean. Infantil mailan hiruna jokalari nesken eta mutilen taldean, kadeteetan lau jokalari mutilen taldean eta 3 nesken taldean, eta, jubeniletan launa jokalari talde bakoitzean. Aipatu entrenatzaileek zuzendu dituzten taldeei erreparatuta, bestalde,  infantil mutilekin aritu da Moreno eta jubenil neskekin Alzaga.

Hain justu, jubenil neskena izan da emaitzarik onena lortu duen Euskadiko selekzioa; izan ere, zilarrezko domina lortu du. Nolanahi ere, izan dira, emaitza azpimarragarriak lortu dituzten talde gehiago ere. Jubenil mutilak eta kadeteen bi taldeak, esaterako, gertu izan dute podiumera igotzea, laugarren sailkatu dira. Morenok zuzendutako infantil mutilak, berriz, zazpigarren postua lortu du. Infantil neskek, azkenik, txapelketa nagusia beharrean, Kopa jokatu dute eta seigarren izan dira.

Emaitza gutxienekoa

Lortutako emaitzez harago, eskubaloi jokalari gisa hazten jarraitzeko oso aberasgarria izan da txapelketa bertan parte hartu duten Zarauzko gazteentzat. Azken finean, haien adineko estatuko jokalari onenekin aritzeko aukera izan dute.

Amaia Gurrutxaga kazetari zarauztarrak txapelketaren laburpena egin du X sare sozialean (lehengo Twitter), eta Katalunian izan diren ZKE eskubaloiko jokalari guztien izen abizenak bildu ditu bertan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide