Ayerbek eta Belokik osatutako bikotea nagusitu zen joan den ostiralean Arrano tabernan jokatu zuten Fernando Medinaren Oroimenezko IV. Futbolin Txapelketan. Zarauzko Sarek antolatu zuen txapelketa eta 11 bikotek eman zuten izena, guztira. Patxi eta Larraitz sailkatu ziren bigarren. Hala, txuleta, ardo botilak eta Arranon afaria jaso zuten txapeldunek eta ardo botilak eta Arranon afaria txapeldun ordeek.
Zarauzko Sarek gogoratu du, halaber, Konponbiderako Giltzak lelopean datorren larunbatean egingo duten Bilboko manifestaziora joateko autobusak antolatu dituztela aurten ere, eta, oraindik izena eman daitekeela. Zehaztu dutenez, ostirala izango da horretarako azken eguna, baldin eta autobusak aurrez betetzen ez badira. Interesdunek Arrano eta Eguzki tabernetan eman dezakete izena.
Jakinarazi dutenez, bi aukera ahalbidetu dituzte 10 euroan: bata, egun osokoa, eta bestea, zuzenean manifestaziora joateko 14:00ean eta amaitutakoan itzultzeko. Lehen aukera baliatu nahiago dutenek 11:00etan abiatuko lirateke Zarauztik eta goizaldeko 02:00etan aterako da itzulerako bidaia Bilbotik.