Zarauzko milaka irudi ikusgai udal argazki artxiboan

Juan Luis Romatet 2024ko urtarrilaren 6a

Zarauzko argazki artxiboan jasotzen den 1981eko irudia. (Xanti Iruretagoiena)

Udal artxiboan Zarautzekin lotura duten 12.000 argazki inguru ikus daitezkeela azaldu du udalak. Eskuetan dituen beste milaka argazki sailkatu eta webgunera igotzeko asmoa ere erakutsi du.

Orain mende bateko Zarautz zer nolakoa zen ezagutzeko pistak eman ditzakete garaiko argazkiek. Hala, Zarauzko udal argazki artxiboan sartzeak denboran eta espazioan bidaia bat proposatzen du. Gaur egun, herriarekin eta herritarrekin zerikusia duten milaka argazki biltzen dira artxibategi horretan. 

Gaur-gaurkoz 12.000 argazki inguruk osatzen dute Zarauzko udal artxiboa. Antxon Etxeberria, Paco Urquia, Kutxa Fototeka, Zarauzko Argazkizale Elkartea eta beste pertsona edo eragile askok emandako irudiekin osatu dute bilduma hori. "Zarauzko bilakaera historikoaren lekukotza garrantzitsua dira argazki horiek, ondare historikoa aberastu, osatu eta biribiltzeko aukera ematen dutelako", nabarmendu du udalak.

Lana, baina, ez dago amaituta, udal ordezkariek azaldu duten moduan, beste milaka argazki dituztelako esku artean. Izan ere, azken urteotan zenbait bilduma eskuratu ditu udalak, edo bere esku utzi dituzte argazkilarien oinordekoek. Gar-en bilduma da horren adibideetako bat. 170.000 argazkiz osatutako bilduma eskuratu zuen Zarauzko Udalak, eta 2023an lan horiek inbentariatzeko erabakia hartu zuen. Photomuseumek jaso zuen lan hori egiteko enkargoa. 

2019an, berriz, Xanti Iruretagoienak eman zion bere argazki bilduma udalari. Lan horietako asko katalogatuta daude dagoeneko, eta web orrira igota. Urte bat beranduago, Fermin Etxeberria argazkilariaren sendiak bere argazki artxiboaren zati bat eman zion udalari: 1984 eta 2010 urte bitartean ateratako 40.000 diapositiba.

Azkenengo dohaintza Carmen eta Elena Urquia ahizpek egin dutela argitu du udalak, hain zuzen ere, beren osaba Paco Urquia zenaren kirol-argazki artxiboa.

Irune Urbieta kultura zinegotziak herritar hauek Zarautzekin duten inplikazioa goraipatu nahi izan du, eta eskerrak ere eman nahi izan dizkie, "horri esker, argazki artxiboan txertatu eta edonork erabili eta ikusteko eskuragarri daudelako". Photomuseumek egindako lana ere eskertu du zinegotziak. "izugarrizko lana egiten ari dira eta euren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke argazki guzti horien sailkapena egitea. Milaka dira Udalaren esku dauden argazkiak eta helburua da pixkanaka sailkatzea eta herritarrentzat interes handiena izan dezaketenak webgunera igotzea".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide