Gizarte Zerbitzuetako bikaintasun kalifikazioa eskuratu du Zarautzek

Onintza Lete Arrieta 2024ko urtarrilaren 3a

Herritar batzuk Aritzbatalde inguruan. (Onintza Lete Arrieta)

Hego Euskal Herrian Basaurik (Bizkaia), Errenteriak (Gipuzkoa) eta Zarautzek soilik lortu dute Espainiako Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien Elkarteak ematen duen kalifikazio hori, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak sare sozialen bidez jakinarazi duenez.

"Estatuko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien Elkarteak iazko aurrekontuak aztertu ditu 20.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, eta 37k soilik lortu dute bikaintasunaren kalifikazioa. Zarauzko Udala, beste behin ere, udaleko Gizarte Zerbitzuetara bideratzen duen inbertsioagatik aintzatetsia izan da". Hala jakinarazi du Xabier Txurruka Zarauzko alkateak sare sozialen bidez.

Hego Euskal Herrian Basauri (Bizkaia), Errenteria (Gipuzkoa) eta Zarautz izan dira balorazio hori lortu duten udalerriak. Txurrukak azaldu du duela zazpi urtetik hona 20.000 biztanletik gorako toki-administrazioak kalifikatzen dituela elkarte horrek, hainbat irizpideren arabera, eta horiek zein diren zehaztu du. "Kontuan hartzen da 2022an biztanleko egindako gizarte-inbertsioa 151,32 eurotik gorakoa izatea; ekitaldi horretan gastu sozialaren likidazioa 2021ekoa baino handiagoa izatea; inbertsio-ahalegina ere kontuan hartzen da, hau da, gizarte gastua guztizko gastuaren %10etik gorakoa izatea; eta finantza gardentasuna".

Txurrukak esan du Zarautzek 181,53 euro bideratu zituela iaz biztanle bakoitzeko gizarte laguntzara. "Guztira, 4.193.571,80 euro, hau da, Estatuan nota onena lortu duten 37 udaletako 24. postuan kokatu da, eta horrek Gizarte Zerbitzuetan bikaintasuna lortzera eraman du", azpimarratu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide