Urra eta Izeta IV.a garaile Binakako Harrijasotze Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2024ko urtarrilaren 2a

Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV.'a, Asteasun harria jasotzen. (Ibon Errazu)

Asteasuko Usarrabi pilotalekuan jokatu zuten finala urteko azken egunean, eta sei zarauztar lehiatu ziren bertan: Xabat Olaizola, Mikel Lopetegi Urra, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga eta Lierni Osa.

Urrezko Aizkolari Kopa Txapelketako eta Binakako Harrijasotze Txapelketako finalak jokatu zituzten igandean, urteko azken egunean, Asteasun (Gipuzkoa). Usarrabi pilotalekuan izan ziren herri kirol lehiak, eta gizonezkoen harrijasotzeko norgehiagokan zarauztarrentzat izan zen txapela: Mikel Lopetegi Urra eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.arentzat, hain zuzen.

Denera sei zarauztar lehiatu ziren finalean; aipatutakoez gain, Xabat Olaizola, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga eta Lierni Osa.

Urra eta Izeta IV.a, Izeta eskolako kideekin. (Ibon Errazu)

Gizonezkoen mailan, hiru bikote aritu ziren nor baino nor lau harri desberdinekin: 110 jasoaldirekin, Urra eta Izeta IV.a nagusitu ziren, eta bigarren Beñat Telleria lasartearrak eta Gorka Etxeberria oriotarrak egin zuten, 106 altxaldirekin. Xabat Olaizolak eta Inhar Urruzuno ondarroarrak, azkenik, 103 jasoaldi egin zituzten.

Emakumezkoetan, Ainitze Zumeta zarauztarrak eta Udane Ostolaza oriotarrak osatu zuten bikoteetako bat, eta Maddi Gesalaga eta Lierni Osa zarauztarrek bestea. Hirugarrena, azkenik, Karmele Gisasola Zela III.a mallabitarrak eta Aroa Sanchez oriotarrak. Azken horiek gailendu ziren lehian, guztira 80 jasoaldi eginda. Beste bi bikoteek 74na altxaldi egin zituzten guztira.

Ainitze Zumeta zarauztarra, lehian. (Ibon Errazu)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide