Zarauztarren doinuak

Jaizki Mendizabalen doinuak

Erredakzioa 2024ko urtarrilaren 3a

Jaizki Mendizabal Gipuzkoako Haletrofilia Federazioko bulegoan. (Jabi Gonzalez Toston)

Zarauztarren doinuak seriearen barruan, hainbat herritarrek aukeratutako bost kanta jasotzen ari da Zarauzko Hitza Gabonetako oporraldian, asteazkenero. Honako hau da Jaizki Mendizabal Gipuzkoako Halterofilia Federazioko presidente eta ZKE Halterofiliako altxatzaile nahiz entrenatzaileak osatu duen zerrenda.

Bost abestien eskaera jaso nuenean, zalantza egin nuen zerrenda nola osatu: gustuko abestien zerrenda, nire bizitzan garrantzia izan duten abestien zerrenda, gaur egun entzuten ditudan abestien zerrenda, etab. Azkenik, haurtzarora bota nuen begirada, eta, garai hartako abestien zerrenda osatu dut. Batez ere, 80ko hamarkadara, eta kuriosoa izan da nahasketa.

  • It's the final count down (Europe)

Europe taldeko abesti honen errepika abestea gogoratzen dut Pirinioetara joaten ginen udalekutan. Autobusean gindoazela "Estofado en salsa" ozen abesten genuen. Garai haietan, abestia irratian entzuten genuen edo norbaitek kasetea bazuen, kaseteari bueltak eman eta eman jarduten ginen. 

  • No te olvides la toalla (Puturru de fua)

Gasolindegietan saltzen zituzten kaseteak gogoratzen ditut. Rantxeren kaseteak ziren ohikoak, baina nire kasuan, familiarekin oporretara Soriara joan ginenekoan erositakoa gogoratzen dut. Bereziki Puturru de Fuaren abesti hau, behin eta berriz kotxeko irrati-kasetean entzun genuena.

  • Herriko Jatorrak (Xirula Mirula - Imanol Urbieta)

1987an Zarautzen izan genuen Kilometroak-eko abestiak ere ondo gogoratzen ditut. Kasetea etxean sartu zen eta horri ere buelta mordoa eman genion: Oihu bat entzun da, Kokox Kakax Kirriki, Enbata, Ene Zarautz maite, Gora Euskara!, etab. Nire gustokoenetako bat Enbata zen, Zarauzko hainbat txokotan errefentziak ditu eta bertan izango dira, nahiz eta gaur egun jada ez ditugun. Abesti hori ez dut topatu, ordea, eta horregatik, Herriko Jatorrak ekarri dut, azkenean.

  • Aizkolari (Kortatu)

Kortatu ere entzuten genuen, han zeuden Sarri, Sarri, Aizkolari, etab. Horiek jartzen gintuzten martxan. Nik bereziki gogoratzen dut El estado de las cosas kaseteko Aizkolari abestia. Osabak ekarri zidan kasetea Zaragozatik, eta oso gustura entzuten genuen. Oro har, Euskal Rocka, Ska eta Punka gustukoa nituen. Gaur egun oraindik gustura entzuten ditudan abestiak dira, gainera. 

  • Every Little Step (Bobby Brown)

Nire zerrendako azkena Bobby Brown artista da. Zortzigarren mailako ikas bidaian ezagutu nuen. Madrilera joan ginen, eta hirian eskaintzekoa zuen kontzertuaren kartelak ikusi genituen. Kaletik topatuko genuelakoan geunden. Hiri handi bat, gauza mordoa, jende asko, mundu berri bat ezagutzeko balio izan zigun bidaia hark, ikaskide artean oso ondo pasatzeaz gain, noski. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide