Gizon bat atxilotu dute Zarauzko trastelekuetan lapurreta egitea leporatuta

Aritz Mutiozabal 2023ko abenduaren 30a

Ertzaintzak trastelekuan atzeman zituen ustez legez kanpoko jatorria zuten objektuak. (Ertzaintza)

Ertzaintzak bi lagun topatu zituen ostegunean eraikin bateko trasteleku batean ustez legez kanpoko jatorria zuten objektu ugarirekin.

Ostegun eguerdian, 13:15 aldera, herritar batek jakitera eman zion Ertzaintzari ustez lapurretan ari zirela Zarauzko eraikin bateko trastelekuetan. Bi patruila bertaratu ziren adierazitako lekura eta bi lagun -gizon bat eta emakume bat- atzeman zituzten trasteleku batean, barruan ustez legez kanpoko jatorria zuten objektu ugarirekin: hiru eskopeta, material informatikoa, ikus-entzunezko eta telefoniako materiala eta surfeko ohol bat, besteak beste.

Ertzaintzaren arabera, susmagarriek hainbat aste lehenago okupatu zuten trastelekua eta etxebizitza moduan erabiltzen zuten. Ondorioz, ikertu gisa eginbideak ireki dizkiete biei jabetza pribatua okupatzeagatik.

Era berean, gizona atxilotu egin zuten trastelekuan aurkitutako materiala ustez legez kanpokoa delako. Ertzaintzak jakin ahal izan duenez, aurkitutako hiru eskopetak orain dela gutxi lapurtu zituzten inguruko garaje batetik. Atxilotua atzo goizean bertan jarri zuten agintari judizialaren eskuetan. Segurtasun sailak jakinarazi duenez, gizona hamazazpi aldiz atxilotu dute, gehienak jabetzaren aurkako delituengatik.

Urola Kostako Ertzainetxeak ikerketa jarri du martxan atzemandako material guztiaren jatorria argitzeko. Azaldu dutenez, materialaren zati handiena trasteleku eta garaje itxietatik lapurtutakoa da. Bide batez, Zarautzen era horretako lapurretaren bat izan dutenei salaketa jar dezatela eskatu dute haien bulegoetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide