Basque Teameko urteko kirolari onenen artean aukeratu dute Gallo

Aritz Mutiozabal 2023ko abenduaren 30a

BAT Basque Teameko 2023ko kirolari onenak. (irekia.eus)

Atzo egin zuten 2023ko kirol-lorpenak nabarmentzeko ekitaldia Getxoko Olatua Itsas Estazioan.

Basque Team Fundazioak ekitaldia egin zuen atzo Getxoko Olatua Itsas Estazioan, euskal kirol-elitea bildu eta 2023ko kirol-lorpen nabarmenenak goraipatzeko eta saritzeko. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da ekitaldiaren buru, eta ondoan izan zituen, besteak beste, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Amaia Agirre Getxoko alkatea, Joseba Urkiola EiTB Mediako kirol zuzendaria eta Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea.

Sarien lehen blokean, Basque Teamek eta euskal federazioek sustatutako goi mailako proiektuetan parte hartzen duten kirolarien emaitzak izan zituzten kontuan. Bigarrenean, berriz, 2023ko Basque Teameko kirolari onenen lana aitortu zuten, eta horien artean, Aitor Frantzesena Gallo surflaria. 

Ekitaldiaren amaieran, Bingen Zupiria sailburuak euskal kirol olinpikoaren ikur den Ander Elosegiri eman zion Eguzkilore Zuria saria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide