San Silbestre lasterketarekin amaituko da urtea

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abenduaren 31

Iazko San Silbestre. (UKT)

Lasterketa nagusia 18:00etan hasiko da, baina ordu laurden lehenago irristaketako proba hasiko da. Haurren korrikaldia 17:00etan egingo dute.

Urtea korrika eginez amaitzea usadio bihurtu da ia herri guztietan, baita Zarautzen ere. Antoniano atletismo taldeak antolatuta, San Silbestre lasterketa jokatuko dute gaur arratsaldean, Musika Plaza abiapuntu eta helmuga izanik; 17:00etan haurren txanda izango da, eta 18:00etan helduena. Tartean, irristaketa proba ere jokatuko dute, 17:45ean hasita.

Lasterketan parte hartzeko, astean zehar Helmuga kirol dendan eman ahal izan da izena 5 euroan. Gaur, lasterketa hasi baino lehen izena ematen dutenek, berriz,  10 euro ordaindu beharko dute. ZKEko Irristaketa Taldeak zehaztu du ez dutela aldez aurretik izenik eman beharko. Lasterketa abiatu baino ordu erdi lehenago irteera lerrora agertu besterik ez dute; kaskoa eramatea derrigorrezkoa izango da.

Lasterketako hiru gizonezko eta emakumezko azkarrenentzat egongo dira sariak, baina baita mozorro dotoreena janzten duenearentzat ere. Era berean, Gabonetako hogei lote ere zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide