Binakako Harrijasotze Txapelketako finala jokatuko dute sei zarauztarrek

Aritz Mutiozabal 2023ko abenduaren 30a

Izetaren eskolako sei harrijasotzaile lehiatuko dira bihar. (Hitza)

Bihar arratsaldean izango da Asteasuko Usarrabi pilotalekuan, eta Xabat Olaizola, Mikel Lopetegi Urra, Hodei Iruretagoienak Izeta IV.a, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga eta Lierni Osa lehiatuko dira.

Urrezko Aizkolari Kopa Txapelketako eta Binakako Harrijasotze Txapelketako finalak jokatuko dituzte bihar, urteko azken egunean, Asteasun. Usarrabi pilotalekuan izango dira herri kirol lehiak, 17:00etatik aurrera, eta harrijasotzeko norgehiagokan Zarauzko hainbat ordezkari ariko dira.

Gizonezkoen mailan, hiru bikote ariko dira finalean: Xabat Olaizola zarauztarrak Inhar Urruzuno ondarroarra izango du lagun; eta Mikel Lopetegi Urra eta Hodei Iruretagoienak Izeta IV.a zarauztarrek bikotea osatuko dute.  Hirugarren bikoa Beñat Telleria lasartearra eta Gorka Etxeberria oriotarrarena da.

Emakumezkoetan, Ainitze Zumeta zarauztarrak eta Udane Ostolaza oriotarrak osatuko dute bikoteetako bat, eta Maddi Gesalaga eta Lierni Osa zarauztarrek bestea. Hirugarrena, azkenik, Karmele Gisasola Zela III.a mallabitarra eta Aroa Sanchez oriotarra.

Bikote bakoitzak ahalik eta altxaldi gehien lortu beharko ditu lau harri ezberdinekin, harri bakoitzarekin 2 edo 3 minutuko epean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide