Iker Aranberri: "Gizarteak kontzientzia du, baina asko kostatzen zaigu ohiturak aldatzea"

Mikel Elkoroberezibar Beloki - Berria 2023ko abenduaren 29a

Iker Aranberri Cristina Enea fundazioko komunikazio teknikaria.

Ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin lotutako kontzeptuak gizarteratzeko helburua dute Glosariak egitasmoko bideo pilulek, Cristina Enea fundazioko Zarauzko bizilagun Iker Aranberri teknikariak azaldu duenez. Berria egunkariak egin dio elkarrizketa.

Zor ekologikoa, baso bainuak eta landare itsutasuna ez dira, orokorrean, oso kontzeptu ezagunak. Horiek eta beste hainbat erraz ulertzeko moduan azaltzeko helburua du Glosariak egitasmoak. Donostiako Cristina Enea fundazioko Iker Aranberri komunikazio teknikariak koordinatu du (Eibar, Gipuzkoa, 1978).

Kristinaenea parkean, goizetan, gosaldu beharrean, glosaldu egiten duzue?

Bai. Lankideok goizeko elkarrizketetan glosaldu egiten dugu, ingurumen kontuei buruz aritzen garelako sarri. Cristina Enea fundazioak ingurumen eta jasangarritasun kontuen kontzientziazioan eta sentsibilizazioan egiten du lan, eta askotan zail egiten da gai horiek lantzea. Kontzeptu asko ez daude argi, eta gure helburua da horien inguruko didaktika egitea. Glosariak hitza glosario eta gosaldu hitzen loturarekin suertatu zen. Helburua da ingurumenari eta jasangarritasunari lotutako kontzeptuak modu ulerterraz eta ulerkorrean azaltzea gizarteari. Horretan ari gara egunero lanean, eta tarteka bideo pilulak egiten ditugu kontzeptu horiek gizarteari ulertarazteko.

Aterpe klimatikoak azalduz ekin diozue laugarren aldiari.

Klima aldaketarekin, mahai gainean jarri dute herritarrei muturreko baldintza klimatikoetatik babesteko lekuak eraiki behar zaizkiela hirietan eta mendietan. Horrekin hasi dugu kanpaina hau, erregistroak daudenetik beroena izan delako aurtengo uda. Aterpe klimatikoen kontzeptua oso modan dago gaur egun hirigintzan. Agian herritarrek ez dakite zer diren aterpe klimatikoak, eta Glosariak egitasmoaren xedea, hain justu, hori da: hain ezagunak ez diren kontzeptuak gizarteratzea eta azaltzea.

Kristinaenea parkea aterpe klimatiko bat da?

Bai. Horrela zehaztua du Donostiako Udalak. Udan, bero sapa gogorrek jotzen dutenean, babesa hartzeko leku egokia da, zuhaitzek eskaintzen duten tenperatura goxoagatik eta itzalarengatik.

Fenologiari buruzkoa da beste glosari bat. Ez da oso diziplina ezaguna.

Azken urteotan garrantzia hartzen ari da. Naturaren zikloak aztertzen ditu, eta horiek nola eragiten dieten izaki bizidunei: animaliei eta landareei. Orain arte, agian, ziklo horiek nahiko uniformeak ziren, eta iraupen jakin bat zuten. Klima aldaketarekin, ziklo horiek zoratzen ari dira. Sanjose lorea martxoaren 19aren inguruan loratzen zen, baina gero eta bero handiagoa egiten duenez, orain urtarriletik eta abendutik ikusgai egoten da. Fenologiak aztertzen duena hori da: espezie bakoitzaren bizi zikloei nola eragiten dien klima aldaketak.

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria.eus atarian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide