Zarauzko Zikloturista Elkarteak ireki du 2024rako bazkidetza eta lizentziak berritzeko epea

Aritz Mutiozabal 2023ko abenduaren 29a

Zarauzko Zikloturista Elkartea.

Txirrindularitza gustukoa dutenak animatu nahi ditu izena eman eta federatzera. Zentzu horretan, dei berezia egin diete emakumeei.

Zarauzko Zikloturista Elkarteak dagoeneko ireki du 2024rako bazkidetza epea, baita lizentziak eskatzekoa eta berritzekoa ere. Aurten ere internet bidez eman beharko da izena, eta izen-emateko galdetegia betetzeko Zarauzko Zikloturista Elkarteko zzelkartea@gmail.com posta elektronikora idatzi behar da.

Elkarteko kideek txirrindularitza gustukoa dutenak animatu nahi dituzte izena eman eta federatzera. "Federatua egotea garrantzitsua dela uste dugu, batez ere istripu baten aurrean seguru baten babesa edukitzeko", nabarmendu dute. Era berean, emakumeak gonbidatu nahi dituzte bereziki: "Euskal errepideetan bizikletaz geroz eta emakume gehiago ikusten den arren, elkarteko bazkideen artean oraindik aldaketa hori ez da islatzen".

Jakitera eman dute martxotik urrira bizikleta irteerak antolatzen dituztela igandero,  Gipuzkoako herri ezberdinetara. Ibilbide horiez gain irteera bereziak ere antolatu ohi dituzte: Asturias, Nafarroa eta Errioxara, esaterako. Bestetik Haimar Zubeldia Klasikoa eta haurrentzako Txirrindulari Txikien Eguna ere antolatzen dute urtean zehar.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide