839 eskaera aurkeztu dira Salberdingo etxebizitzen zozketarako

Aritz Mutiozabal 2023ko abe. 27a, 10:30

Salberdingo urbanizazio berria izango dena. (Zarauzko Udala)

Behin-behineko zerrendak Gabonak igaro ondoren argitaratuko diztuztela jakinarazi du udalak.

Joan den honetan itxi ziren Salberdingo R10, R11, R12 eta R13 partzeletan eraikiko diren babesturiko udal etxebizitza tasatuen zozketan izena emateko epea, eta, guztira, 839 eskaera aurkeztu dira. Orain, eskaera horiekin guztiekin behin-behineko zerrendak prestatuko ditu Zarauzko Udaleko Etxebizitza Bulegoak, eta dena ondo bidean, Gabonen ondoren argitaratuko dituzte.

Behin-behineko zerrendak hamar laneguneko epean egongo dira erakusgai Zarauzko Udaleko iragarki-tauletan eta Etxebizitza Bulegoan, baita udal webgunean ere. Bitarte horretan interesa dutenek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte.

“Gure asmoa da pausoz pauso prozesuaren berri ematea, ulertzen baitugu Zarautzen etxebizitza babestu bat eskuratzeko aukerak herritarrengan sortzen duen urduritasuna”, adierazi du Garbiñe OiarbideHirigintza eta Etxebizitza zinegotziak. “Zarauzko 139 familiaren etxebizitza beharrari erantzuna emango dien prozesu honek duen garrantziaren neurriko arreta eman nahi diegu herritarrei”, gaineratu du.

Betebeharrak

Prozeduran parte hartzeko betebeharren artean, Etxebiden alta emanda egon behar dute eskatzaileek 2024 urtarrilaren 15a baina lehen; beraz, beste behin azpimarratu dute eskatzaileek baldintza hori betetzen dutela egiaztatzearen garrantzia. Horretarako, Etxebizitza Bulegoan bertan galdetu dezakete edo bestela, zuzenean Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailean. Baldintzak guztiak betetzea ezinbestekoa izango da salerosketa kontratua sinatzeko, prozeduran parte hartzeko eskaeran jasotako erantzunkizunpeko adierazpena betez.

Behin zerrenda hauetan egon daitezkeen akatsak zuzendu ondoren, behin betiko zerrendak argitaratuko dira eta zozketaren fasea hasiko litzateke. Prozesuak aurrera egin ahala, data zehatzak jakinaraziko ditu Zarauzko Udalak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide