Euskal Herriko Kontseilu Sozialista aurkeztuko dute, etzi, Gaztelekuan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abenduaren 27a

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako bi kide Eibarko Astelena pilotalekuan, joan den abenduaren 16an egin zuten aurkezpen ofizialean. (EHKS)

Mugimendu Sozialistaren erreferente politiko nagusia izango den erakunde berria herriz herri arituko da gaurtik aurrera haren asmoen berri ematen eta Gipuzkoako lehenengo saioa Zarautzen egingo du.

EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialista hasi da bidea egiten. Joan den abenduaren 16an aurkeztu zuten erakunde politikoa ofizialki Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan 1.500 lagunen aurrean, eta, gaurtik herriz herri hasiko dira aurkezpenak egiten. Larraunen (Nafarroa) abiatuko dute dinamika eta etzi Zarautzen izango dira.

Hain justu, Gipuzkoan egingo duten lehenengo geldialdia izango da Zarauzkoa, eta, Gaztelekuan jarri dute hitzordua 18:30ean. Zehaztu dutenez, EHKSren jardunaren nondik norakoak azalduko dituzte bertan. Nolanahi ere, jada aurreratu dute Mugimendu Sozialistaren bozeramailea, erreferente politikoa, eta antolakunde nagusia izango dela erakunde sortu berria eta helburu nagusia izango duela langileen artean komunismoa hegemonikoa izatea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide