San Silbestre lasterketan parte hartzeko izen ematea zabalik dago

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abenduaren 26a

Iazko San Silbestre. (UKT)

Urtea korrika egiten amaitu nahi dutenek Helmuga kirol dendan eskuratu dezakete dortsala aldez aurretik. Nolanahi ere, egunean bertan egiteko aukera ere izango da. Korrikalari azkarrenak ez ezik, mozorrorik onena ere sarituko dute.

Amaitzear da 2023a, eta, ohi bezala, herritar askok korrika eginaz agurtuko dute urtea. Urtezahar egunean Antoniano ikastetxeak antolatzen duen San Silbestre lasterketa baliatuko dute horretarako. Iluntzean jokatuko dituzte aurtengo probak ere: 17:00etan abiatuko dira haurrak Musika plazatik eta 18:00etan helduak. Tartean, irristaketa proba ere jokatuko dute 17:45ean. Helduen proba izango da luzeena eta 3,8 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute herrigunean egokituko duten zirkuituari bi itzuli emanda. Haurren proba eta patinatzaileena, berriz, laburragoa izango da, 2 kilometro ingurukoa.

Hala, San Silbestren parte hartu nahi duten herritarrek dagoeneko eskuragarri dituzte dortsalak. Helmuga kirol dendan eman dezakete izena 5 euroan. Lasterketa egunean bertan ere izango da inskripzioa egiteko aukera, baina garestiagoa izango da orduan, 10 euro balioko baititu dortsalak. Patinatzaileei dagokienez, antolaketan lagundu duen ZKEko Irristaketa Taldeak zehaztu du ez dutela aldez aurretik izena eman beharko. Lasterketa abiatu baino ordu erdi lehenago irteera marrara agertu beharko dute eta buruan kaskoa eraman beharko dute nahitaez.

Angolatzaileek jakinarazi dute, halaber, hiru gizonezko azkarrenak eta hiru emakume azkarrenak sarituko dituztela, baina izango direla sari gehiago ere. Horietako bat mozorro onenari emango diote. Horregatik, mozorrotuta joateko deia egin diete korrikalariei. Horrez gain, Gabonetako hogei lote ere zozkatuko dituzte dortsalen zenbakiekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide