Urtero bezala, Euskalduna tabernan banatu zituzte atzo arratsaldean VIII. Ramon Serras Argazki Lehiaketako sariak. Aurten, Kirola izan da parte hartzaileek kontuan hartu behar izan zuten gaia, eta proposamen benetan interesgarriak jaso dituzte. Azkenean, epaimahaikideek hala ebatzita, Ander Morea argazkilari zarauztarra nagusitu zen, eta 600 euro eta garaikurra jaso zituen.
Bigarren saria ere etxean geratu zen, Unai Alberdik jaso baitzuen; eta hirugarrena iazko garaile Oscar Gascon irundarra izan zen. Azken biek, hurrenez hurren, 300 euro eta 200 euro jaso zituzten, garaikur banarekin.
Zarauzko argazkilari onenen kategorian, berriz, Luis Epelderentzat izan zen lehen saria, 200 euro eta garaikurra, eta 100 euro bigarren saria, berriz, Jon Atxutegirentzat.
Epaimahaiak hautatutako obra onenekin erakusketa bat zabaldu dute Euskalduna tabernan, eta otsailaren 6ra arte izango da ikusgai.