Hiruputzu betez itzuliko da Kopla Txapelketa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abenduaren 22a

Oier Aizpurua, kaskabiloa lepotik zintzilik, Kopla Txapelketa Herrikoian. (Utzitakoa)

Lehenengo aldiz jokatuko dute gaztetxea lekualdatu zutenetik eta sarrera guztiak agortuta daude. 22:00etan ekingo diote saioari.

Ikusmin handia sortu du gaur gauean jokatuko duten XV. Kopla Txapelketak. Horren erakusle da sarreren salmentak izan duen erantzuna: joan den ostiralean jarri zituzten herritarren eskura Musika Plazan eta agortu egin dira.

Horren harira, aintzat hartzekoa da aurtengo edizioa izango dela normaltasunez jokatuko den lehengoa 2019az geroztik; izan ere, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, 2020an eta 2021ean, eta, gaztetxerik ez zegoelako, iaz, txapelketa moldatu, bertan behera utzi edota bestelako saioak egin dituzte azken hiru urteetan. Hiruputzun egingo dute pandemia osteko lehenengo Kopla Txapelketa eta Putzuzulok zuena baino edukiera txikiagoa ere badu egungo gaztetxeak. Horrek sarrerak gutxiago izatea eragin du, ezinbestean.

Nolanahi ere, kopla goseak eta bestelako saio atsegina izateko herritarren gogoak ere izan du eragina salmentaren arrakastan. Azken finean, txapelketa dibertigarria izaten da oso eta aski ezagunak diren hamar bertsolariek hartzen dute parte. Aurten honako hauek izango dira: Oier Aizpurua zarauztarra, Oihana Arana eskoriatzarra, Aner Peritz zarauztarra, Aitor Bizkarra abadiñarra, Joanes Illarregi leitzarra, Jexux Mari Irazu larrauldarra, Alaia Martin oiartzuarra, Lurdes Ondaro munitibartarra, Irati Alcantarilla urruñarra eta Etxahun Lekue larrabetzuarra. Gai jartzaile lanetan, berriz, Imanol Epelde eta Xabi Aizpurua arituko dira, eta zuzeneko musika, azkenik, Jurdana Otxoak, Imanol Etxeberriak, Aratz Olaizolak eta Aitor Amilibiak jarriko dute. 

Txapelketa ohiko formatura itzuliko den honetan, betiko dinamika eta funtzionamendua berreskuratuko dituzte. Hala, bertsolariei gaia jarriko diete, eta, ofizioka hiru minutuz aritu beharko dute kopletan. Bertsoaldien amaieran kanpaia joko dute gai jartzaileek, eta, ohi bezala, publikoa ariko da epaile lanetan. Txapelketa hasi aurretik antolatzaileek papertxo batzuk banatuko dituzte ausaz jende artean, eta haiek erabakiko dute nortzuk pasatuko diren buruz burukora eta nork leporatuko duen garailearen zintzarria.

Erlazionatuak

Bueltan dator zintzarri hotsa

Aritz Mutiozabal 2023 abe 14 Kultura

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide