Ines Vazquezek 'Itzal-eremua' aurkeztuko du Photomuseumen

Aritz Mutiozabal 2023ko abenduaren 22a

'Itzal-eremua. Eguzki estatikoak, eklipse-zinemak eta linterna magikoen aktibazioa'. (E.W. Dyson, A. Eddington eta C. Davidson)

Eklipse zinema oinarri hartuta, hainbat proiekzio eskainiko dituzte 18:00etatik aurrera Zarauzko Argazki eta Zinema Museoan.

Elias Querejeta Zine Eskolako ikasle eta komisario Ines Vazquezek Itzal-eremua. Eguzki estatikoak, eklipse-zinemak eta linterna magikoen aktibazioa aurkeztuko du gaur, 18:00etan, Photomuseumen. Lanak itzalari erreparatzen dio, zinemaren lehengai den aldetik, eta eklipsea du euskarri, gertakari zinematografiko minimoaren metafora gisa.

Jarduera hasteko, Ilargi-eklipsea eta Eguzki-eklipsea proiektatuko ditu, duela 160 urte baino gehiago astronomiako ikuskizun publikoetan erabiltzen ziren linterna magikorako bi lan. Irudi mugikorren proiekzioaren inguruko lehen esplorazio horiek berriz jarriko dira martxan Medialabeko (Tabakalera) Zinema eta Teknologia taldeak halakoak babesteko sorturiko proiektoreen bidez eta Zarauzko Modelo zinema aretoko proiekzio-lenteak berrerabilita. Bi proiekzioek Batimento soinu-ariketaren ildoari jarraituko diote. Ce Pams artista txiletarraren lan horrek itzala eta ezkutatzea zeharkatzen ditu soinuaren unitate minimo eta gorpuzdunena erabilita: frekuentzia.

Jardunaldia amaitzeko bi film labur eskainiko dira jatorrizko formatuan. Lehena, Jeanne Liotta zinegile esperimentalaren Eklipsea: kodachrome pelikulan filmaturiko ilargi-eklipse baten bitartez, erakutsiko du zeinen saiheskorra izan daitekeen izar-fenomeno bat errebelatzea. Amaitzeko, Luis Mari Ulibarriren Bidaia eklipsearen erdigunera emango dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide