Erik Balentziagak beste bi urtez luzatu du MT Melsungenekin duen kontratua

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abenduaren 21a

Erik Balentziaga baloia jaurtitzear Alemaniako ligako partida batean. (MT Melsungen)

Eskubaloi jokalari zarauztarrak lehen denboraldia du Alemaniako ligan eta lan txukuna ari da egiten. Hitzarmena berrituta, 2027ko uda arte jarraituko du bertan.

Erik Balentziaga eskubaloi jokalari zarauztarrak 2027ko uda arte jokatuko du Alemaniako MT Melsungen taldean; izan ere, beste bi denboralditarako luzatu du 2025ean amaitzen zitzaion kontratua. Hala, lau denboraldi beteko ditu munduko onena deritzoten Alemaniako ligan.

Zarauztarrak estreinako denboraldia du MT Melsungenen aurreko biak Frantziako ligan, Okiztaniako Tolosan, egin ondoren, eta, lan txukuna egiten ari da. Bosgarren dago sailkatuta taldea eta Balentziaga da erreferente nagusietako bat. Orain arteko partida guztiak jokatu ditu; hemezortzi orotara, eta 54 gol egin ditu. Azken partida atzo bertan jokatu zuen eta Balentziaga izan zen, hain justu, taldeko golegile nagusia; zortzi sartu zituen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide