Igor Etxabek Zarauzko loraldi industrialari buruzko hitzaldia eskainiko du Donostian

Aritz Mutiozabal 2023ko abenduaren 21a

EHUko irakasle Igor Etxabe (Aritz Mutiozabal)

Gipuzkoako Historiaren Pasarte Ezezagunak hitzaldi zikloaren barruan ariko da, bihar, Koldo Mitxelena Kulturuneko ekitaldi aretoan, 19:00etan.

Zarautz XX. mendean: Euskal Jaiak eta surfa baino askoz gehiago hitzaldia eskainiko du bihar Igor Etxabek, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko ekitaldi aretoan, Santa Teresa Komentuan, 19:00etatik aurrera. Gipuzkoako Historiaren Pasarte Ezezagunak hitzaldi zikloaren barruan, hain ezaguna ez den Zarautzi buruz ariko da solasean Etxabe, Elena Torregarai aurkezlea bidaide duela.

Kostaldeko herria, Euskal Jaiengatik eta surfagatik ezaguna, garrantzitsua izan zen XX. mendearen lehen bi herenetan, bereziki Guda Zibilaren ondoren, bere loraldi industriala zela eta. Adibide gisa, 1960 inguruan, Zarautzek 8.000 biztanle zituen garaian, tokiko enpresek 6.200 pertsona zituzten alta emanda Gizarte Segurantzan, batez ere industrian eta ostalaritzan. Hitzaldi honen helburua Zarautzen ezkutatuta dagoen errealitate historiko hori ikusaraztea da, ahanzturan erortzeko arrisku larrian baitago.

Deustuko Unibertsitatean Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioan lizentziatua eta Euskal Herriko Unibertsitatean Enpresa Zuzendaritza, Ezagutza eta Berrikuntzan doktorea da Igor Etxabe. Bere hitzaldian azalduko du Zarautzek garrantzi handia izan zuela XX. mendearen lehen bi herenetan, 36ko Gerraren ondoren, loraldi industriala izan zuelako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide