Surflarien bilduma kutunena

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abenduaren 21a

Gillen Usandizaga Zarauzko surflariak. Bilduma bat liburuaren egilea, ale bat eskuetan duela. (Jabi Gonzalez Toston)

Zarauzko surflariak. Bilduma bat argazki liburua sortu du Gillen Usandizagak. Herriko 56 kirolari omendu nahi izan ditu argitalpen berezi horrekin. 

Surfarekiko eta argazkilaritzarekiko zaletasunak liburu bakarrean elkartu ditu Gillen Usandizaga zarauztarrak: Zarauzko surflariak. Bilduma bat lanean. Hark azaldu duenez, surfa egiteari utzi zionean ekin zion surfeko argazkiak ateratzeari: "Oso gaztea nintzela hasi nintzen surfean, baina beldurra hartu nion. Kirolaren bueltako giroa, ordea, oso gustuko nuen, eta nire lagun gehienak ere surflariak ziren. Giro horretan jarraitzeko eta haiei laguntzeko argazkiak ateratzen hasi nintzen, eta oso gustura egiten dut oraindik ere".   

Usandizagak urrian kaleratu zuen liburua, eta Garoa liburu dendan eta Axi Muniainen surf eskolan dago eskuragarri 20 euroan. Nolanahi ere, egilearen esanetan, "ez da merkatuari begira sortutako" liburua. "Barruko harra asetzea eta herriko surflariei omenalditxoa eskaintzea zen asmoa". Horregatik, surflarien aukeraketa egitea izan da "zailena", egileak esan duenez.

Zehazki, Zarauzko surfarentzat "garrantzitsuak" izan diren 56 surflari daude liburuan: "Aitor Frantzesena Gallo sartu dut, baina ez itsua delako. Begi bakarretik ikusten zuenean ere egiten zuen surfa, eta sekulako meritua zuen orduan ere. Gainera, Aritz Aranbururen entrenatzaile ere bazen orduan. Era berean, Nadia Erostarbe eta Miriam Imaz sartzearen arrazoia ez da emakumeak izatea. Lehenengoa, sekulako emaitzak ari da lortzen, eta bestea erreferente garrantzitsua izan da. Gainera, gaur egun jarraitu egiten du surfa egiten".

Bahetze horri lotuta, egileak azaldu du hainbat aholkulari izan dituela hasieran osatu zuen zerrenda handia pixkanaka txikitzeko eta liburuari "seriotasuna" emateko: "Azken finean, surflari asko ditugu herrian, eta ezinezkoa litzateke denak sartzea. Gainera, guztiek ez dute pisu bera". Horren harira, Usandizagak argitu du surflari batek uko egin ziola liburuan agertzeari: "Ez zuen uste bertan azaltzeko nahikoa meritu egin zuenik".

Hala eta guztiz ere, sortzailea pozik agertu da surflariek oro har eman dioten erantzunarekin: "Gustura hartu zuten proposamena, eta parte hartzeko prestutasuna agertu zuten. Asko atzerrian harrapatu nituen haiekin harremanetan jarri nintzenean, baina etxera itzulitakoan berehala jo zuten nigana. Ondoren, liburua jasotakoan, batek baino gehiagok deitu dit hunkituta eskerrak emateko". 

Bilduma sentitua

Usandizagak zehaztu duenez, surflarien gertuko pertsonei eskatutako testuekin osatu du argazki bilduma: "Orotariko idatziak jaso nituen; izan ere, bakoitzak bere erara interpretatu zuen nik aurkeztutako ideia. Hala, bertsoak bidali zizkidaten batzuek, surflariaren gaitasunari buruzko iruzkinak beste batzuek... Testu guztiak dira balekoak. Gainera, iruditzen zait aniztasun horrek are aberatsagoa egiten duela liburua".

Testuei lotuta, era berean, liburuaren egileak azaldu du beste bi lagunek parte hartze berezia izan dutela: "Mikel Unzurrunzaga Makala-ri eskatu nion hitzaurrea idazteko. Hark ere surfa egiten du, baina ez dut argazkietan jaso. Iñaki Bidegain neurologoari ere eskatu nion beste idatzi bat egiteko. Adimen urritasuna duten pertsonei zuzendutako Kind Surf deituriko proiektuan sartuta dago, eta alderdi hori ere jaso nahi nuen, nolabait". Editore lanak, berriz, Javi Zabaleta Orioko Euskara teknikariak egin ditu, berak "txukundu" baititu testuak. 

Sukaldeko aulkia

Liburuak barne hartu dituen surflariak aukeratzeko prozesuak ez ezik, argazkien aukeraketak berak ere eman zizkion buruhausteak Usandizagari; izan ere, protagonistetako bakoitzaren irudi asko ditu. Surfean ageri diren mugimenduko argazki bana eta erretratu bana eskaini dizkie soilik. 

Erretratuari lotuta, hain justu, argazkilariak aulki eta espazio berean kokatu ditu 56 surflariak: haren etxeko sukaldean, zaharberritutako metalezko aulki batean; liburuaren kontrazalean ageri den aulkian, zehazki. "Argazkilaritzaz eta surfaz gain, beste zaletasun bat ere badut: gauzak zaharberritzea. Surflariei erretratuak egiteko erabili dudan aulkia Begoña Victoriarekin eta Elena Cancerrekin zaharberritu nuen, eta iruditu zitzaidan oso aproposa zela jolas egiteko aukera ematen zidalako. Malekoian zegoen Shelter tabernatik hartu nuen aulkia hura itxi zutenean", argitu du Usandizagak.

Abiapuntua, itsasoa

Egileak azaldu du, halaber, COVID-19aren pandemiak eragindako konfinamenduan bururatu zitzaiola liburua osatzea: "Erretratuak egiteko gogoa nuen, eta pentsatu nuen polita izan zitekeela argazki horiek jada osatuta nuen surfeko argazki bildumarekin elkartzea". 

Hala ere, herriko surflarien bilduma egiteko erabakia hartu aurretik, izan zuen beste ideiarik ere: "Nire senide asko marinelak dira, eta haiekin egin nezakeela pentsatu nuen. Nolanahi ere, hasieratik izan nuen argi proiektuak itsasoarekin izan behar zuela lotura". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide