Zarauztarren doinuak

Eneritz Aulestiaren doinuak

Erredakzioa 2023ko abenduaren 27a

Eneritz Aulestia. (Utzitakoa)

Zarauztarren doinuak seriearen barruan, hainbat herritarrek aukeratutako bost kanta jasotzen ari da Zarauzko Hitza Gabonetako oporraldian, asteazkenero. Honako hau da Eneritz Aulestia kazetari eta musikari zarauztarrak osatu duen zerrenda.

  • Ames ames (Argoitia anai arrebak)

Zarauztarra naizen arren, Ondarroarekin lotura estua dut. Aita bertakoa nuen eta une polit asko bizi izan ditut bertan. Familian abestu izan den kantua da eta umetako oroitzapenetara bidaiatzen dudanean abesti hau datorkit gogora. Familia giroan edota herritarren kuadrilla handi batean abesteko kantua dela deritzot; elkartasunarekin lotzen dut.

  • Zozua fandangoa (Laja eta Landakanda)

Umetatik izan ditut trikitixa eta panderoa gertu. Beti esaten dut nire debuta Euskal Jaietan Zarauzko kaleetan zehar egin nuela. Aitona Pepe Txabillok beti animatzen ninduen kalejiran zihoazen trikitilariekin jotzera eta ni ez nintzen atzean geratzen. Txapelketek ere zeresan handia izan dute nire bizitzan eta pieza hau zoragarria iruditzen zait bi arrazoirengatik: bata, kantua bera, fandango hau asko gustatzen zait, eta, bestea, grabazioan entzun daiteken giroa.

  • Los Caminos De La Vida (Los Diablitos)

Gorputza beti daukat dantzatzeko gogoz eta edozein musika iruditzen zait ona gorputza mugitzen hasteko. Kunbia, batxata… horrelako erritmoen zalea naiz eta kantu hau bizitzari jarri diezaiokegun soinu bandarik aproposenetako bat dela iruditzen zait.

  • The Blower's Daughter (Damien Rice)

Talde hau nire espazio segurua da. Musika emozioekin lotzen dut beti eta badaude talde batzuk etxe bezala sentitzen ditudanak eta Damien Rice da horietako bat. Esango nuke ez dudala inoiz talde hau pertsona gehiagorekin entzun, nire espazioa da, nirea bakarrik.

  • Dancing On My Own (Merina Gris)

Askotan abestu dut kantu honen jatorrizko bertsioa (Calum Scottena) etxeko komunean, eta Merina Grisek bertsio hau atera zuenetik ez dut jatorrizko bertsioa gehiago entzun; eta ez da bata bestea baino hobea iruditzen zaidalako. Ez dakit, lasai eta kantu melodiko baten moduan entzuten eta absten nuena, orain nahiago dut bertsio honetan entzun. Entzuten dudan bakoitzean garrasika abesten hasten naiz, ingurua ahazten dut.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide