Zarauztarren doinuak

Aitor Badiolaren doinuak

Erredakzioa 2023ko abe. 20a, 09:00

Aitor Badiola gitarrista. (utzitakoa)

Zarauztarren doinuak atalaren barruan, Gabonetako oporraldiaren bueltan, asteazkenero, hainbat herritarrek aukeratutako bosna kanta jasoko ditu Zarauzko Hitzak. Hona hemen Aitor Badiola musikariak eta Serious Business taldeko gitarristak osatu duen zerrenda.

  • Shake a tail feather scene (Ray Charles)

The Blues Brothers-Granujas a todo ritmo filma ikustera eraman ninduen nire aitak sei urte nituela, eta zirrara handia eragin zidan soinu bandak. Abestiaren erritmoak eta indarrak sei urteko haur hartan eragin handia izan zuen, etorkizunera bere bluesarenganako zaletasuna esnatuz.

 

  • Diamonds on the soles of her shoes (Paul Simon)

14 urte nituela, ikasketa bidaian Torremolinosera joan ginen eta bertan erosi nuen Graceland diska. Bidaiatik bueltan, zortea izan nuen Paul Simon biran zebilelako eta Donostian jotzen zuelako. Zailtasun handiz sarrera bat lortu eta bakarrik joan nintzen 15 urte nituela Anoetako belodromora kontzertua ikustera. Benetan liluragarria izan zen, nire lehen kontzertu handia izan baitzen. Horregatik, maitasun handia diot diskohoni, eta abesti honi bereziki. Gaur egun, historiako diskorik onenetarikoen artean dago.

Kontzertu hartan, Ladysmith Black Mambazo taldearekin aritu zen Paul Simon abesti horretan bezala, eta 2010ean talde hau berriz entzuteko eta baita ere bere partaideak pertsonalki ezagutzeko aukera izan nuen.

  • Ain`t nobody`s business if I do / Driftin (Eric Clapton)

From the cradle diskoa musikalki gehien eragin didan diskoa izan da; izan ere, bluesa jotzen hasi nintzen Eric Claptonek jotzen zuen guztia imitatuz. Entsegu hau, telebistan eman zuten garai hartan eta hiru VHS kopia hondatu nituen hainbeste aldiz entzuteagatik. Kopia guztiak puskatu ondoren, VHS formatoa galdu zen, eta urte askoren ondoren, Amsterdamera eginiko bidaia baten, DVD formatoan topatu nuen azoka txiki bateko postu batean. Abesti hau aukeratu dut, abestiak eta, batez ere, amaierak hunkitu egin ninduelako, nahiz eta diskoan ez azaldu.

 

  • Blues is my business (Larry McCray)

Nahiz eta abestia Etta James-ena izan, abesti honen bertsio hau izan da gehien gustatu zaidana, daukan indarragatik, gitarra soloan batez ere. Larry Mccray-rekin Bilboko Palladium eszenatokia partekatu genuen eta bertan ezagutu genuen elkar. Harritu egin ninduen zuzeneko horrek, batez ere Larry Mccray-ek gitarrarekin erakutsitako birtuosismoagatik. Harrezkero, abesti hau nire zuzeneko kontzertu gehienetan jotzen dugu.

 

  • Cafe Luna (Hiram Bullock)

Artista hau Jazzaldi batean ezagutu nuen BB King-en telonero zela. Asko gustatu zitzaidan baina hirukotean izan zuten zuzenekoak liluratu ninduen, handik urte batzuetara Too funky to ignore diskoarekin Gazteszena aretora bueltatu zenean. Cafe Luna nahiz eta diska hortakoa ez izan, Jazzaldiko kontzertuan gehien harritu ninduen abestia izan zen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide