Oro har txikia ari da izaten gaurko grebaren eragina herrian

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abenduaren 19a

Pikete informatibak egin diuzte goizean goiz EAEko hainbat puntutan grebara deitzeko. (LAB)

Zerbitzu publikoan deitu dituzte lanuzteak eta Herritarren Arreta Zerbitzua da etenda dagoen bakarra. Gainerakoetan ere izan dira protestarekin bat egin duten langileak, baina jarraipena ez da zabala izan.

ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek grebara deitu dituzte gaur Euskal Autonomi Erkidegoko langile publiko guztiak sektorean lan baldintza hobeak eskatzeko eta enpleguaren kalitatea bermatzeko. Hori horrela, Zarauzko zerbitzu publikoei ere eragiten die deialdiak, nahiz eta txikia izaten ari den jarraipena herrian. HAZ Herritarren Arreta Zerbitzua da etenda dagoen bakarra.

Joan den urriaren 25ean egin zuten greban ere HAZn izan zuen eragin handiena grebak Orokieta herri eskolarekin batera. Gaurkoan, ordea, %25ekoa izan da jarraipena haur eta lehen hezkuntzako eskola publikoan. Lizardi institutuan, berriz, 110 irakasletik 22k egin dute bat protestarekin.

Zarauzko Anbulatorioak zentroari eragiten dioten datu zehatzik eman ez duen arren, zerbitzua bermatuta dago bertan; izan ere, Osakidetzak gutxieneko zerbitzua zehaztuta zuen aurrez. Larunbatetako ari dira ematen. Garraio publikoan ere ezarri dituzte zerbitzu minimoak: %30ekoak, hain zuzen ere.

Udalak eskaintzen dituen gainerako zerbitzuei erreparatuta, bestalde, kultur departamentuko langile bakar batek ere ez du greba egin. Nolanahi ere, argitu dute lan taldearen zati handi bat oporraldian dela egunotan. Sanz Enea liburutegian ere langile guztiak joan dira lanera gaur joan den urriko greban ez bezala. Orduan bik egin zuten greba. Gizarte zerbitzuetan, berriz, hamazazpi langiletik hamalau joan dira lanera gaur eta ohiko zerbitzua ematen ari dira.

Kiroldegia ere ohiko zerbitzua ematen ari da; izan ere, azpikontratako enpresa batek kudeatzen du. Dena den, kirol departamentuari zuzenean lotuta langile publikoak ere badaude eta arduradunek jakinarazi dutenez batzuek egin dute greba, nahiz eta ez duten kopurua zehaztu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide