Noraezean daudenak eszenara

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abenduaren 19a

'Entre dos mundos' antzezlana. (Zarauzko Udala)

Entre dos mundos antzezlana hartuko du bihar Modelo aretoak. Zaintza lanetan diharduten eta bi kontinenteren artean bizi diren emakume migratzaileak izango ditu aktore nahiz protagonista. 

Etorkinen Nazioarteko Egunarekin hasitako aste honetan (atzo izan zen), Zarauzko Udalak atzerritik etorritako emakumeen egoerari erreparatu nahi izan dio. Helburu horrekin, hainbat ekitaldi antolatu ditu, antzerki saio berezia tartean. Bihar 19:00etan eskainiko dute Modelo aretoan eta doakoa izango da. Interesdunek bihar bertan hartu beharko dituzte gonbidapenak,  18:00etatik aurrera, Modeloko txarteldegian.

Entre dos mundos antzezlana da, zehazki, taularatuko duten hori, eta zaintza lanetan diharduten emakume migratzaileak izango ditu protagonista. Gaztelaniaz eskainiko dute, eta izenburutik ondoriozta daitekeenez, bi kontinenteren artean bizitzeak eragiten duena azalduko du obrak. Nolanahi ere, helburu nagusia da "sistema burokratiko arrazista eta gizatasunik gabea erakustea, langile otzan eta maitekorrak baino nahi ez dituena". Aldi berean, "aurreiritziz eta estereotipoz josita" egongo dira protagonistak, "beren pertsona izaera lekurik gabe uzteraino".

Elkarlanean sortutakoa

Horren harira, nabarmentzekoa da bizitza errealean zaintza lanetan aritzen diren emakume etorkinak izango direla oholtza gainera igoko diren aktoreak. Izan ere, Las de Afuera antzerki taldeak eta Erein Kolektiboak elkarlanean sortutakoa da bihar Modelon eskainiko duten obra.

Zehazki, Getxon etxeko lanak eta zaintza lanak egiten dituzten 35 eta 65 urte arteko zortzi emakumek osatzen dute Las de Afuera antzerki taldea. Erein, berriz, talde zapalduekin lan egiten duen kolektiboa da: bide laguntza eskaintzen die, talde dinamiken bidez "elkar ulertzeko, pentsatzeko eta eraldatzeko, maila pertsonalean nahiz taldean".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide