EH Bildu: "Ez dakigu udal gobernuak Santa Klaraz ez daukan proiekturik, ala ez duen informazio hori gurekin partekatu nahi"

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 16a, 11:00

Ainara Landa EH Bilduko zinegotzia eta Itziar Murua EH Bilduko bozeramailea, atzo koalizioaren egoitzan. (Onintza Lete Arrieta)

EH Bildu "oso kezkatuta" dago Santa Klaraz udal gobernuak duen jarrerarekin. Prentsaurrean azaldu du hainbat bider saiatu direla udal gobernuarekin hitz egiten gaiari buruz, baina ez dutela lortu. "2026ko martxorako amaitu behar dira lanak Europak emandako hiru milioi euroko laguntza jasotzeko, eta mahai gainean gure proiektua bakarrik dago", esan du Itziar Murua oposizioburuak.

Zarauzko EH Bildu "oso kezkatuta" dago Santa Klaraz udal gobernuak duen jarrerarekin. "Ez dakigu udal gobernuak ez daukan proiekturik Santa Klararako, ala ez duen informazio hori gurekin partekatu nahi". Bietara ere, "larria" iruditzen zaio egoera koalizioari, Itziar Murua oposizioburuaren esanetan. Atzo eman zuten prentsaurrekoa berak eta Ainara Landa zinegotziak, "barne mailan gaia udal gobernuarekin lantzeko hainbat saiakera egin eta erantzunik jaso ez ondoren".

Muruak azaldu zuen udalak hiru milioi euroko laguntza jaso duela Europako Funtsetatik, baina baldintza dela "komentuko lanak amaituta egotea 2026ko martxorako". Data hori oso gertu ikusten du koalizioak, batez ere etxeko lanak egin gabe baldin badaude. "Diru laguntza hori jasotzeko udalak aurreproiektu bat aurkeztu zuen, oso oinarrizkoa, eta ez dakigu hori gehiago garatu duten ala ez".

Bi herritar Santa Klara komentu aurrean. (Onintza Lete Arrieta)

Muruak hainbat puntu azpimarratu zituen atzoko prentsaurrean. Batetik, esan zuen gaur-gaurkoz, mahai gainean proiektu bakarra dagoela, eta hori EH Bildurena dela. "Guk gure proiektu osoa helarazi genion udal gobernuari, baina bueltan ez dugu jaso ezer. Udal gobernuak ere esan beharko luke zer asmo duen". Bestetik, adierazgarria iruditzen zaie zinegotzi arduradun argirik ez edukitzea Santa Klarako proiektuak. "Gaiaz hitz egin nahi izan dugunean, zinegotzi batengandik bestearengana bidali gaituzte, eta esan digute ez dagoela arduradun bat. Adierazgarria iruditzen zaigu herriarentzat hain garrantzitsua den proiektu batek ez edukitzea arduradun bat, izan Kulturakoa edo beste sail batekoa".

Kultur Mahaia "berehala" aktibatzearen beharra

Horrez gain, Muruak uste du "ezinbestekoa" dela Kultur Mahai bat aktibatzea "berehala", gaia sakon lantzeko herriko norbanako eta eragileekin. Udalak parte hartze prozesu bat egina du, baina hori egiteko moduarekin kritiko azaldu zen Murua, "galdeketa abuztuan egin zelako, galdetegi sinple batean oinarritu zelako eta gure ustez, parte hartze prozesu baten gutxieneko baldintzak ez dituelako betetzen".

Horrekin lotuta, Landak esan zuen parte hartze prozesuaren amaierako txostena badutela, eta bertan "ondorio argirik ez" dagoela. Horregatik, parte hartze prozesuko txosten hori izango baldin bada Santa Klarako proiektuaren oinarria, "EH Bilduk ulertu duenez udalak auzoz auzo herritarrekin egindako bileretako batean", koalizioak uste du "udal gobernuak hori ondo aztertu eta leheneste lan bat egin" behar duela, txostena bere horretan eman beharrean proiektua idatziko duen enpresari.

Muruak azpimarratu zuen, hori bai, parte hartze prozesuan jasotako iritziak bat datozela EH Bilduren proposamenarekin. "Iritzia eman dutenek, guk bezala, Santa Klara sormenerako eta emanaldietarako gune izatea lehenetsi dute, mediateka edo liburutegia izatea baino lehen. Zentzu horretan, babesa sentitu dugu".

Prentsaurrekoa amaitzeko, Muruak elkarlanerako prestutasuna agertu zion udal gobernuari: "Proposamen bakarra dago mahai gainean: gurea. Eta herritarrek babesten dute. Udal gobernuak argitu beharko du zer egin nahi duen. Gu prest gaude lanean jarraitzeko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide