Merkatua bertsotan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abenduaren 15a

Ezkerretik eskuinera, Xabier Alberdi, Andoni Egaña eta Iñigo Manzisidor Mantxi, iaz, Modelon, 'Herrimamituz' taularatu zutenean.. (Utzitakoa)

Herrimamituz saioa hartuko du bihar Merkatu Plazak. Eraikinaren 12o urteko historia bertsotan jasoko dute, eta herritarrek kontsumo ohiturei buruz hausnartzeko bide emango du.

Iaz, garaiotan, sortu zuten Merkatua Bizirik elkartea, eta lehenengo urtebetetzea ospatzeko, ekitaldi berezia antolatu dute bertako kideek. Aurten 120 urte bete dituen Merkatu Plazaren urteurrena borobiltzeko hitzordua ere izango da, aldi berean. Horretarako, zehazki, ekoizle eta erosleen topalekuko bizitza luzeari errepaso historikoa emango diote. Nolanahi ere, arina da hori egiteko hautatu duten formula; izan ere, Xabier Alberdi historialariak nahiz Andoni Egaña eta Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolariek iazko irailean sortu zuten Herrimamituz saioaren bitartez egingo dute. Antolatzaileek argitu dute, dena den, Merkatu Plazara mugatu dutela saioa oraingoan, iazkoak herri osoa hartu baitzuen. Ondorioz, "monografikoa" izango da biharkoa, eta doakoa bertaratu nahi duen ororentzat. 19:00etan hasiko da, eta ordu eta erdi inguru iraungo du; berrehun bat lagun bildu daitezkeelakoan dira.

Herrimamituz Merkatu Plazara eramateko ekimenaren bultzatzaile nagusia da Julen Zulaika. Hark esan duenez, beheko solairua egokituko dute saioa egiteko: "Baserritarren postuak egoten diren eremuan jarriko dugu oholtza, eta herritarrek bertatik bertara jarraitzeko aukera izango dute behean kokatuko ditugun ehundik gora aulkietan eserita, zutik edota goiko solairuko korridoreetatik behera begira".

Merkatu Plaza 1925ean. (Utzitakoa)


Merkatua Bizirikeko kide izateaz gain, Ametsola etxalde ekologikoaren arduradun ere bada Zulaika, eta hark arrazoitu duenez, elkarteak egungo kontsumo ohituretan "eragiteko" duen misioan aurrera egiteko erabaki zuen Herrimamituz saioaren sortzaileengana jotzea: "Merkatu Plazak 120 urte ditu, eta egunero goizez eta arratsaldez ateak zabaltzen dituen bakarrenetarikoa da Euskal Herrian. Pribilegio handia da hori, bezeroari aukera ematen diolako produktua ekoizleari zuzenean erosteko. Gaur egun, ordea, jendearen erosteko eta kontsumitzeko ohiturak asko aldatu dira eta herritarrek saltoki handietara jotzen dute, batez ere. Baserritar gehienak ere adinekoak dira, eta aurki utziko diote merkatura joateari. Horren aurrean, pentsatu dugu ekitaldi berezi hau eraginkorra izan daitekeela herritarrak Merkatu Plazara begira jartzeko".

Hari beretik, Zulaika ziur da "bertsolariek izan ohi duten izaera kritikoa" oso lagungarria izango dela, lezio historikoa arin jasotzearekin batera, herritarren artean hausnarketa bultzatzeko, zeren, "atzera begiratzea aurrera begiratzeko ispilua izaten da", ekoizlearen esanetan. Zentzu horretan, Mantxi bertsolariak dio "garrantzitsua" dela jendea jabetzea merkatua "gero eta txikiagoa" dela eta "gero eta baztertuago" dagoela.

Molde moldagarria

Biharko gai orokorra bakarra izango bada ere, iaz Modelo aretoan estreinatu zuten moldea errepikatuko dute Alberdik, Egañak eta Mantxik: historialariak gertaerak eta pasadizoak ekarriko ditu ikus-entzuleak nahiz bertsolariak kokatzeko, eta azken horien ardura izango da Alberdik azaldutakoak bertsoekin osatzea. Halaber, azaldu dute Merkatu Plazako irudi zaharrekin lagunduko dutela saioa aberatsagoa izan dadin.

Nolanahi ere, biharkoa ez da izango saioa egokituko duten lehenengo aldia; izan ere, Gipuzkoako beste herri batzuetara ere eraman dute: "Zaldibian eta Aginagan egin dugu bertako pasarteekin, eta Azpeitian, Orion eta Pasaian egiteko hartu-emanetan ere ari gara. Dena den, gure historialariak ekarpenak egin ditzakeen herrietara soilik eraman dezakegu saioa, herri guztietako pasarteak ez baititu ezagutzen".

Ariketak bertsolarien esku

Gauzak horrela, historiaren interpretazioa egitea eta gaia jartzea izaten da beti Alberdiren lana. Sekula ez die bertsolariei zehazten hori bertsotan nola jaso behar duten. "Alberdiren lana da pasarte historikoa hautatzea eta azaltzea gaia kokatzeko, eta bertsolari bakoitzari rol bat ematea. Pentsatzekoa da oraingoan baserritar eta erosle paperetan jarriko gaituela, eta merkatua astotegi izan zen garaiko pasadizoak ere ekarriko dituela. Dena delarik ere, berak mahai gainean jarritako gertaeraren arabera Egañak eta nik erabakiko dugu zein den bertsotarako ariketa egokiena: txikian ofizioka, puntura, handira... Azken finean, gertaerak arinak, solemneak edota umorera jotzen dutenak izan daitezke", argitu du Mantxik.

Zulaikak berak ere bertso munduarekin lotura estua duenez, agindu du puntua botatzen badiote erantzungo duela. Dena den, aitortu du bera ez dela animatu hasieratik parte hartzera, "nahikoa lan" duelako barazkiak ekoizten eta saltzen. "Gainera, beti behar izaten da norbait antolaketa lanetan laguntzeko".

Asto ugari Merkatu Plaza parean. (Utzitakoa)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide