Azken urtetan bezala, Gabonak dira eta etxean aulki huts bat dugu hitzaldia antolatu dute Zarautz Herri Zaintzaileko kideek, Zarauzko Udalaren laguntzarekin. Hitzaldi honen helburu nagusia doluan dauden familiei Gabonei aurre egiteko iradokizunak eskaintzea da. Aurten, Goizargi elkarteko kide Rakel Mateo psikopedagogoak eskainiko du saioa.
Hitzaldia datorren asteazkenean, abenduaren 20an, izango da Antoniano aretoan, 17:30etik aurrera. Antolatzaileek bereziki gonbidatu nahi dituzte egun hauetan bereziki hunkiturik dauden familiak eta gai honekiko interesa duten herritarrak. Azken finean, Gabonak senideak edo lagunak berriro elkartzeko garaia da, eta edonork izan dezake modu batean edo bestean aulki huts bat etxean.