Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak urria hasieran jarri zuen martxan Loturak Emakumeok ekimena, eta hainbat hilabetetako egosketa lana amaituta, hilaren 22an aurkeztuko dute ekimenaren azken emaitza. Proiektuaren helburua izan da Zarautzen jaio eta kanpotik etorri diren emakumeen arteko "loturak sortzea", baita "harrera prozesua erraztu" eta "gaiari buruz sentsibilizatzea" ere.
Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, Emakumeen Etxean izango da aurkezpen ekitaldia, 18:00etan hasita, eta bertan, ekimenean parte hartu duten 15 emakumeak elkartzeaz gain, horiek idatzi dituzten 11 istorio eta 10 errelatu bideo erakutsiko dituzte. Hainbat herrialdetako emakumeak izan dira ekimenean parte hartu dutenak: Peru, Polonia, Mexiko, Nikaraua... "Herritarrak aurkezpenera joateko gonbidapena egiten dugu, guztiok batera ikus dezagun proiektu honen emaitza zoragarria", dio. Bizkaiko Molviltik enpresarekin egin dute prozesua, eta horko kideei ere eskerrak eman dizkie Vazquezek. Izan ere, bere hitzetan, "espazio aske eta seguru bat" sortzea lortu dute emakumeentzat, eta horrek eragina izan du azken emaitzan. "Orain azken emaitza erakustea bakarrik falta zaigu", gaineratu du.
Maria Arrieta Moviltik enpresako kideak ere esker oneko hitzak izan ditu prozesuan parte hartu duten guztientzat. Alde batetik, Zarauzko Udalak emandako baliabideak estimatu ditu Arrietak, eta azaldu du Emakumeen Etxea "oso espazio erosoa" izan dela proiektuko saioak egiterako orduan. Bere hitzetan, ez da ohikoena kanpotik datozen eta bertan bizi diren emakumeen arteko espazio naturalak aurkitzea, eta horregatik, gisa honetako proiektuen garrantzia azpimarratu du. "Bertan, bakoitzak bere migrazio prozesuari buruz hitz egin du errespetu osoz, eduki dituen beldur eta momentu txarrez, eta baita momentu politez ere", gehitu du.
Prozesuko argi izpi bat
Karina Purisaca peruarra da ekimenean parte hartu duen emakumeetako bat. Bi urte daramatza Zarautzen eta "oso pozik" agertu da ekimenarekin. Horrelako proiektuek "hain bakarrik" ez sentitzea ahalbidetzen dutela dio Purisacak, egokitzapen prozesuak askotan "bakarkakoak eta oso motelak" izaten direlako. "Horrelakoetan ikusten duzu zure egoera berean edo okerragoan dauden emakume asko dituzula inguruan, eta horrek beraiengana gerturatzen zaitu", gehitu du.
Zailtasunak zailtasun, Zarautzen "oso oso gustura" dagoela dio peruarrak, eta aditzera eman du hemen gelditzeko asmoa duela betirako: "Nik lana dut, eta nire semearekin nago hemen. Gainera, berak jada lagun asko egin ditu, eta oso zoriontsu bizi gara".