Bigarrenez irekiko duzu herrian Dama jokoa erakusketa gaur arratsaldean. 2009koaren aldean, bestelakoa al da oraingoan aurkeztuko duzuna?
Ispilu Arte galerian egin genuen lehen erakusketa hura, eta handik datoz lan gehienak oraingoan ere; ez guztiak. Hala, nagusiki garai hartan egindako margolanak erakutsiko ditut berriro, nahiz eta badiren berriak ere. Zentzu horretan, eskultura txiki batzuk ere gehitu nahi ditut, baina amaitu gabe ditut oraindik.
Bestalde, aitortu behar dut oraintsu hasi naizela berriro margotzen eta eskulturak egiten, azken urteetan beste proiektu batean aritu bainaiz buru-belarri. Jurgi Olaizola Txilik proposatu zidan erakusketa berriro zabaltzea, eta horrek bultzatu nau lan berriak sortzera.
Txilik animatuta zabaldu duzu erakusketa, beraz?
Txilirena baino, haren emaztearena, Kattalinena, izan da ekimena. Antza denez, webgunean ikusi zituen nire lanak eta asko gustatu zitzaizkion koloreengatik eta bolumenarengatik. Hala, esan zidan gustura erakutsiko lituzkeela haren estudioan, eta, Txili ikastolan lankide dudanez, haren bitartez jarri dugu martxan erakusketa.
Hala ere, esan behar dut ni ez naizela erakusketak zabaldu zalea. Gaurkoarekin, hirugarrenez inauguratuko dut Dama jokoa, aurrez, Donostiako Botanika jatetxean ere erakutsi nuelako pandemia baino urtebete lehenago. Lagun batek bultzatuta egin nuen orduan ere. Egokia iruditu zitzaidan lekua, eta bertako arduradunei ere nire proposamena gustatu zitzaienez, animatu egin nintzen.
Oraingo honetan herritarren aurrean erakutsiko dituzu berriro zure lanak. Beti da berezia gertukoen aurrean zure uzta erakustea, ezta?
Bai, eta beti ematen du urduritasun puntu bat. Dena den, badakidanez zer nolako harrera izan duten nire lanek erakutsi ditudan aldiro, horrek lasaitasuna ematen dit. Gainera, badute zerbait jendeak oso erraz hartzea eragiten dutena.
Nahiko izen iradokitzailea da Dama jokoa, bi zentzu izan ditzake. Gainera, zure lanei erreparatuta, ikusten da emakumeen gorputzak direla nagusi eta mahai jokoari ere egiten dizkiozula keinuak.
Orotariko emakumeak irudikatzeko asmoarekin sortu nuen erakusketa, forma askotako gorputzak daudelako eta guztiak daudelako ongi. Denak onartu behar direla komunikatu nahi izan dut, eta, horregatik, askotariko bolumenak eman dizkiet.
Horrez gain, emakume horiek guztiak hausnarketa edo introspekzio posturetan kokatu ditut, barrurantz sartuta, norbere pentsamenduetan edota bizitzako partidan murgilduta. Azken horretarako dama jokoaren tableroa margotu dut. Koadro bakoitzean emakume bat ageri da, baina bilduma 30 lan ingurukoa denez, beste ezaugarri femenino batzuk jaso ditut horrela: emakumeen arteko harremanak, entzuteko gaitasuna eta enpatia.
Arestian esan duzunez, erakusketa honen aitzakian berriro hasi zara margotzen. Beste bide bat hartuko duten lanak sortzeko asmorik ba al duzu?
Beste lan lerro bat abiatu nahiko nuke, bai. Lehenengo erakusketa hura zabaldu ondoren jada hasi nintzen bestelako trazu mota batzuk lantzen, eta naif estilotik eta kolore planoetatik aldentzen. Akaso hortik jarrai dezaket.
Azken urteak beste proiektu bati eskaini dizkiozula aipatu duzu. Valka da egitasmo hori, eta emakumeak ditu protagonista, era berean. Emakumeak al dira zure inspirazio iturria?
Emakumea dago beti nire lanen erdigunean, bai. Valka proiektua minbizia duten emakumeei zuzenduta sortu nuen; izan ere, haientzako txapelak egiten ditut, erosoago senti daitezen. Estetika garrantzitsuena ez bada ere, konturatu naiz gaixotasuna pairatzen dutenentzat oso lagungarria dela beren burua ongi ikustea kalera ateratzera animatzeko.
Halako proiektuak abiatzeko bultzada ematen duena gaixotasuna gertutik bizitzea izaten da sarritan. Hala izan al da?
Nik ez dut minbizirik pairatu, baina egia da susto bat izan nuela. Diagnosiaren erantzunaren zain egon nintzen bitartean hasi nintzen pentsatzen zer jantzi nezakeen nik. Gainera, sorkuntzaren mundu zabala beti izan dudanez gustuko eta dituen adar guztiak jorratu ditudanez, hainbat proba egin nituen. Ondo atera zitzaizkidanez eta harrera ona izan zutenez, aurrera jo nuen. Gerora minbizia izan duten edo duten gertuko emakume asko ezagutu ditut, baita ez hain gertukoak ere; zeren, ospitale onkologikotik bideratzen dizkidate lagun diezaiedan.
Artearen adar gehientsuenetan trebatu zarela esan duzu. Ba al da baten bat bereziki gustuko duzuna?
Benetan diot guztiak ditudala gustuko, baina uste dut margoa eta eskultura direla gehien gozarazten nautenak. Hala ere, faseak edo boladak izaten ditut, izan ere, arlo batzuk lantzeko inspiratuago egoten naiz beste batzuk lantzeko baino gehiago. Esan bezala, Valka proiektua dela-eta joskintzaren bidetik bideratu nau bizitzak azken urteetan, eta oso gogobetegarria izan da. Azken finean, ikusten duzunean egoera zaurgarrian dagoen emakume bat zure lanari esker gustura geratu dela eta benetan lagundu diozula, ikaragarri asebeteta sentitzen zara.