Gabonetarako kanpaina turistikoa aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ihes egin Gipuzkoara. Ihes egin Gipuzkoan zehar lelopean. Bi hartzaile mota ditu jomugan: Espainiako hainbat lekutatik etortzen diren bisitariak, eta, bestetik, gipuzkoarrak edo euskal herritarrak.
Hain justu ere, kanpainaren ekimenik berritzaileena hurbileko jendearentzat antolatu dute, Street Scape bat sortuz. Zarauzko eXperientziak enpresak arduratu da jarduera sortzeaz eta kudeatzeaz, eta ohiko scape room-en antzekoa da, baina hainbat lekutan garatuko dena: Zarautzen, abenduaren 26an; Zumarragan, abenduaren 27an; Tolosan, abenduaren 28an; Ordizian, urtarrilaren 3an, eta Errenterian, urtarrilaren 4an.
"Familiei, kuadrillei eta scape room-ak maite dituztenei zuzendutako esperientzia da, baina baita denbora-pasa dibertigarria egin nahi duen edonori zuzendutakoa ere. Jarduera euskaraz eta gaztelaniaz izango da, taldeka, eta udalerri bakoitzaren historian eta kondairetan sakontzeko aukera emango du”, azaldu du eXperientziak enpresako zuzendari Olaya Landak.
Herri bakoitzean bi saio egingo dituzte: 17:00etatik 18:00etara eta 18:30etik 19:30era. Jardueran parte hartzea doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko dute interesdunek, udalerri bakoitzeko parte hartzaileko muga jarri dutelako.