Durangoko Azokaren atarian, hilaren 4an, aurkeztu zuen Nerea Loiola Debako (Gipuzkoa) idazle eta Zarauzko bizilagunak Azken denbora. Eskapu Liburuak bildumako bigarren lana da, eta Erein argitaletxearen eskutik kaleratu du. Iaz argitaratu zuen lehenengoa, 7G udalekuak, eta horrek izandako arrakastari segida emateko dator bigarrena.
Uxue Razkin Erein argitaletxeko editoreak azaldutakoaren arabera, bigarren lana ere "Aukeratu zure abentura moldekoa da", baita scapebook bat ere. Hori horrela izanda, irakurleek abenturak aukeratzeaz gain, enigmak ebatzi beharko dituzte aurrera egin ahal izateko. Bestalde, bigarren laneko jokoaren oinarrian dagoen istorioa zertxobait konplexuagoa ere badela gehitu zuen Razkinek: "Fantasiara gehiago jo du Loiolak liburu honekin, eta bertan, magia eta denbora makinak agertuko dira. Protagonista irakurlea izango bada ere, ondoan lagun hacker bat izango du, eta horrek ahalbidetuko ditu beste hainbat gauza istorioan zehar".
Jarraipena emateko asmoz
Loiolak berak jarraitu zuen liburuari buruzko azalpenak ematen, eta horretarako, bildumako lehen laneko aurkezpenean aipatutako hainbat ideia berreskuratu zituen. Pasarte pertsonala kontatu zuen lehenik: "Gogoan dut 11 edo 12 urte nituela euskarako irakasleak aukera eman zigula nahi genuen liburua aukeratzeko. Aukeratu zure abentura bildumakoa zen, eta txundituta geratu nintzen. Duela pare bat urte seme zaharrenaren lagun bati gisa horretako liburua ikusi nion, baina gaztelaniaz idatzita zegoen. Esan zidan ez zegoela horrelako libururik euskaraz. Egon bazeuden, baina aspaldikoak ziren". Enkontru horren ondoren hasi zen Loiola 7G udalekuak liburua idazten, eta euskaraz gisa horretako liburuei jarraipena emateko asmotan jaio da orain Azken denbora ere.
Loiolaren hitzetan, lehenengoa ibilbide oso polita izaten ari da "gazte eta ez hain gazteen artean", dagoeneko 3.000 ale baino gehiago saldu baitituzte, eta horregatik, "irrikaz" dago bigarrenak izango duen harrera nolakoa izango den jakiteko. Razkinek emandako ideiak sakondu zituen ondoren Loiolak: "Uxuek aipatu du egitura konplexuagoa duela azken liburuak, eta hala da, bai. Bide gehiago ditu, eta luzeagoak dira horiek. Elkar gurutzatzen dira bide batzuk, eta leku berera eramaten dute irakurlea beste batzuek". Enigmei dagokienez, Loiolak aditzera eman zuen horiek ebatzi ezin dituztenentzat pista txiki batzuk jarri dituztela orrialde horietan. Liburua idatzi bitartean ez zoratzeko, "eskemaz eskema" lan egin behar izan duela ere azaldu zuen aurkezpenean.
Bizilagunaren logela
Debarraren hitzetan, liburu sortako trama guztiak desberdinak izango dira. Bigarrengo liburuan, irakurleak jakingo du bizilagun heldu baten logela margotu behar duela bere lagunik onenarekin, eta bertan margotu behar duten zerbaitek emango dio hasiera abenturari. Loiolak aditzera eman zuenez, erabaki onak hartuz gero, "gizateria eta euren burua salbatzeko aukera» izango dute.
Protagonisten ezaugarriei ere erreparatu zien Zarauzko bizilagunak aurkezpenean. Horiek sortzea eta garatzea «arretaz egin beharreko zeregina" izan dela azaldu zuen, bereziki pertsonaia nagusiarenak eta haren lagunik onenarenak. Bere nahia izan da edozein adinetako eta ezaugarritako irakurleak protagonistarekin identifikatzea. Horregatik, iskin egin die ezaugarri fisikoei, eta izaera azaltzeko ezaugarri oso beharrezkoak bakarrik eman ditu. Ildo beretik, protagonistaren lagunik onenarekin gauza bera egin duela esan zuen Loiolak joan den astean egindako aurkezpenean.
Bukatzeko, liburuan zehar azaltzen diren gaiei buruz ere mintzatu zen Loiola: laguntasuna, boterea, feminismoa, bigarren aukerak... Horiek guztiak abenturaz eta intrigaz betetako istorio batekin harilkatzen saiatu da idazlea, eta azken hausnarketa luzatuta amaitu zuen aurkezpena: "10 eta 14 urte bitartekoei dago zuzenduta liburua, baina helduei gonbidapena egiten diet, ea denbora amaitu aurretik abentura berri honetan bizirautea lortzen duten". Etorkizunari begira, Loiolak azaldu du ideiak badituela sorta bereko beste lan batzuk idazteko, baina lan konplexuak direla, eta, horrenbestez, patxadaz hartu behar dela prozesu hori ere.
Eleberri beltza ere bai
Aipatutako liburuaz gain, Loiolak badu berriki argitaratutako beste lan bat ere: Idatzi behar nizkizunak. Erroa argitaletxearekin plazaratu du lana, euskarazko B2 mailan. Idazle debarrak dio liburu horrek baduela misteriotik eta suspensetik. Bertan, Barbara Uribar da protagonista, Argentinara joan den aktore euskalduna. Familiaren iragan hurbileko sekretuak ezagutzeari ekingo dio, erakusketa bateko argazki baten haritik tiraka. Buenos Aires, Iruñea, Bilbo... hiriz hiri joango da bilaketaz, traizioz, sekretuz eta istorioz jositako kontakizuna.
Loiolak joan den astean aurkeztu zuen aipatutako azken lana, abenduaren 8an, Durangoko Azokan, era berean. Euskara errazean sortako azken liburua da, eta Iñaki Landaren ilustrazioek laguntzen dute Zarauzko bizilagunak sortutako istorioa.